Golden Apple Quartet taldeak hartuko du Santimamiñe
Santimamiñe izango da MusEkintza jaialdiaren azken geltokia: bihar, 22:00etan, Golden Apple Quartet taldea ariko da bertan. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako arte eszenikoen jaialdia da Musekintza, Bizkaiko museoetan antzerki, dantza, zirku eta musika programazio zabala eskaintzen duena.

Leku berezi horietako bat da Kortezubiko Santimamiñe, historiak, arkeologiak, kulturak eta ingurumenak bat egiten duten lekua. Eta, bihar, leku horretan bertan, 22:00etatik aurrera, Golden Apple Quarteten kontzertuagaz agurtuko dute aurtengo Musekintza jaialdia; Bizkaiko museo eta kulturguneak arte eszenikoz betetzen dituen egitasmoa da, publiko guztientzat prestatutakoa eta doakoa.
Hain zuzen ere, Vamos, que nos vamos ikuskizuna eskainiko dute, euren ia 40 urteko umore eta musika onena errepasatzen duen musika bidaia. Hori bai, bertan egoteko, aldez aurretik erreserba egitea ezinbestekoa izango da.