Ehun arduratsuak eta birsortzaileak sortzeko tailerra, Ekoetxean
Material biodegradagarri eta biooinarritu berriek jokatzen duten rola aztertuko dute bihar, Ekoetxea Urdaibain; bi orduko sormen tailerra antolatu dute, 12:00etatik 14:00etara bitartekoa, eta, horretan, plastikoak, larruak eta ehun arduratsu eta birsortzaileak egiteko prozesuak, baliabideak eta lehengaiak ikasiko dituzte bertaratzen direnek.
Esperientzia desberdina da Ekoetxeak proposatzen duena, Fashion Revolution Week Euskadi ekimenaren baitan kokatutakoa. Horrekin, ehun arduratsuak eta birsortzaileak sortzen irakatsiko dute, modan dauden biomaterialak baliabide naturalekin lortzen diren eta ingurumen inpaktua murrizten laguntzen duten materialak baitira. Izan ere, modu jasangarrian ekoizten dira eta kutsadurari eta hondakinen sorrerari aurre egiten laguntzen dute, arroparen ekoizpenean kimiko toxikoak erabiltzeagatik intoxikatzeko arriskua murriztuz.