Arrantzaleen santua omentzeko, "herriko jai nagusiak" ospatuko dituzte
Bihar hasi eta domekara bitartean egitarau zabalaren testigu izango da herria. Patxi Egurrola alkateak esan bezala, "herria eta herritarrak batzeko" helburuz antolatzen dituzte jaiak.
Arrantzaleen santua omentzeko aitzakia izan ohi dira San Pedro jaiak, eta ondo dakite elantxobetarrek hori. Izan ere, arrantzaleen zaindariaren jaiak ospatzeko zorian dago herria; bihar hasi eta astelehenera bitartean, denetariko ekintzekin jantziko dute Elantxobe.
Herri arrantzalea izan da beti, eta gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du herriak. Orain dela urte batzuk herritar askoren lanbidea zena, gaur egun, beste askoren afizio bihurtu da, eta hori ospatzeko batuko dira asteburuan herritarrak. Patxi Egurrola Goiogana Elantxobeko alkateak sanpedroak “herriko jai nagusiak” direla nabarmendu, eta herritik eta herriarentzat antolatzen dituztela azaldu du: “Urtero ospatzen ditugun jaiak dira, herria eta herritarrak batzeko helburuagaz, eta giro ederra sortzea bilatuz”.
Gauzak horrela, elantxobetarrentzat “hitzordu garrantzitsua” denak hamaika zeregin eskainiko ditu, beste behin, herriko zenbait txokotan. Berezitasunik ere izango du aurten, gainera, jaiak. Ze, alkateak esan duenez, “jaiez asteburuan gozatu ahal izateko”, bezperada eguna zapatura [ekainak 28] aurreratu dute. Alegia, 12:00etan Sustabiz Fundazioko kideen ikuskizunarekin emango diete hasiera San Pedro jaiei. Ez da gozamenik faltako, fanfarreak eta kontzertuek girotuko baitituzte herriko izkinak egun osoan zehar.
Estreinakoz, bazkaria.
Hori gutxi balitz, eta berezitasunekin jarraituz, bazkari herrikoia egingo dute, estreinakoz. “Street food izenpean, elkarrekin janari desberdinak dastatzeko tartea izango dugu, 15:30ean”, gehitu du alkateak.
Domekan [ekainak 29] ere giroak bero-bero jarraituko du herrian, besteren artean, San Pedro egunez urteroko traineru estropadak hartuz. Kirola nagusi izango da, beraz, Elantxoben, domekan. Iluntzean, izan ere, XVIII. Pala Txapelketaren finala jokatuko dute.
Astelehenarekin emango diote itxiera herriko jai nagusiei, San Pedro txiki ospatuz; triki poteoarekin abiatuko dute eguerdi aldea, eta arratsaldean umeentzako jolasez gozatu ondoren, Los Gavilanes mariatxiak izango dira jaiei agur esango dietenak.
Egurrolak jendea animatu du asteburuan Elantxobera hurbiltzera: “Etorri, gozatu, ondo pasatu eta ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dugu. Giro ederra espero dugu”.
EGITARAUA
Bihar.
- 12:00. Sustabizen eskutik, herri kirol ikuskizuna eta
pikoteoa, Ermintxan. - 13:30. Ardoa Barrura Fanfarreagaz poteoa.
- 15:30. Bazkari herrikoia, Tinglaupin.
- 21:30. Kontzertua, Ermintxan: Radio Guerrilla.
- 23:00. Diskofesta: Mitxel Play.
Etzi: San Pedro eguna.
- 11:00. Meza eta hamaiketakoa.
- 12:00. Traineru estropadak.
- 17:00. Zuresku egurrezko jolasak, frontoian.
- 20:00. Elantxobeko XVIII. Pala Txapelketaren finala.
Astelehena: San Pedro Txiki.
- 13:00. Triki poteoa, portuan.
- 17:00. Puzgarriak, portuan.
- 20:00. Los Gavilanes Mariachiak, portuko hiru tabernen aurrean.