Sanjoanetako jaiaren suak piztuta dirau sanpedroetan
San Pedro jaiak ospatzeko prest daude mundakarrak, bihar [ekainak 27] hasita. Uztail hasierara bitarteko egitarau zabalak herritar denentzako osagaiak biltzen ditu.
Udaren iritsierak San Pedro jaien ailegaera esan gura du mundakarrentzat. Herriko jai nagusiek, beste urte batez, adin, gustu eta profil guztietako herritarrei egokitutako ospakizun egitaraua edukiko dute, barikua [ekainak 27] uztailaren 6a bitarte. Gainera, herriko jaiei ez diete hutsetik helduko. Izan ere, San Joan jaietako ekimenez gozatu zuten iragan asteburuan eta joan den astelehenean.
Bihar, mundakarrak herri bazkaritarako deituak daude; 121 lagunek eman dute bazkaritarako izena. Ez da, halaber, bazkari soila izango: poteoa egingo dute lehenik, eta jolasak ostean. 20:00retan helduko da herriko jaiak iragartzen dituen une gorena: txapelak buruan, Basaranetik herrigunera jaitsiera egingo dute. Malakias eta Silitia arduratuko dira jaiak musikaz girotzeaz, Espuelatxuek Gaztien Elkarteak antolatutako musika gaualdian. Hain zuzen ere, jaien bereizgarri nagusienetako bat da herriko denetariko eragileek parte hartzen dutela beraien prestakuntzan eta kudeaketan; Espuelatxuek Elkarteaz harago, Txilipitxeruek, Kiskillon Kultur Elkarteak edota Katillotxu Emakumeen Elkarteak parte hartu dute aurten.
Elkarlan hori “nahitaezkoa” da, Mundakako Jai Batzordeko kideek azaldu dutenez: “Garrantzitsua da beteranoenek gazteei antolakuntzaren atzean gordetzen den lana helaraztea, modu horretan soilik berma daitekeelako belaunaldi arteko txandapasa”. Aurten, Txilipitxeruek moduko talde eskarmentatu bati Espuelatxuek bilduko zaizkio: “Herriko gazteek elkartzea erabaki dute; zeharo pozgarria da hori, eta espero dugu beste talde gehiagoren aurrekari izan dadila”.
Zapatua goiz-goizetik hasiko dute: udalbatzak eta herriko eragilerik esanguratsuenetako batek, Jose Mari Egileor Txistu Taldeak, Alborada egingo dute ordu txikiotan, kalez kale. Goizaldeko txistu doinuek iragarriko dituzte, beste urte batez, sanpedroak. Egun horretan botako dute, era berean, jaietako txupina, eta bai plazan, bai txosnagunean egongo da zertaz gozatu. “Txupina ez da bota duela zenbait urtetatik, hori ere berria izango da”, argitu dute.
Domeka izango da egun handienetako bat: San Pedro eguna. “Herriko ohiturari” jarraituz, Mundakako Abesbatzak mezatan kantatuko du, santuaren irudia kaleratu orduko. Elizaren atarian egingo diote herriko dantzariek ohorezko aurreskua, eta herriko arraun taldeko kideek, berriz, prozesioan eroango dute. Sardina jana egongo da arratsaldez, animatzen diren guztientzat, baita esku pilota partiduak ere. Gauean, herriko musikariz osaturiko Addar taldeak kontzertua emango du.
Gastronomia, ardatz.
Hilaren 30a adineko mundakarren omenezko eguna izango da. Beraien bazkari propioa egingo dute Isla Kale kiroldegian, dantzaldi eta guzti. Arratsaldean, Katius-K Zabal Band arduratuko da, buruhandiekin eta erraldoiekin batera, bazterrez bazter egingo dute kalejira berotzeaz. Hurrengo egunean, tortillarik onena zeinek egingo erabakiko dute, txapelketa herrikoia tarteko, eta karibear erritmoak ere dastatuko dituzte. Tortilla lehiaketa Kiskillon Kultur Elkarteak prestatuko du estreinakoz: “Herrian ospe eta jarraipen handia edukitzen dute txapelketa gastronomikoek, hala nola, Sukalki egunekoak edota Santa Katalina jaietako bakailao txapelketak. Beraz, tortillak kozinatzen ere herritar mordoa elkartzea espero dugu”.
Ez da jaietako egongo den lehiaketa bakarra izango: eguaztenean, ping-pong edo mahai tenisean indarrak neurtzeko eguna izango da, eta eguenean, aldiz, umeen nahiz nagusien play-back onena zein den frogatzekoa. Gainera, uztailaren 5ean, herritarrek sukalkia kozinatzeko duten abilezia mahaigaineratu beharko dute. 13:00etarako aurkeztu beharko dituzte sukalki kazolak, eta antolatzaileek aurreratu dute aurkezpena “oso puntual” egin beharko dutela.
Jaiak hasi ziren antzera biribilduko dituzte: Jose Mari Egileor Txistu Taldekoen doinuekin. Ondoren, plaza gune balioanitz bilakatuko da: izan herri kirol jardunaldia hartzeko, izan mariatxien emanaldiaren gordekeku bihurtzeko. 22:30ean, musikak eta suak bat egingo dute, azken traka ospatzeko.
EGITARAUA
Ekainak 27, barikua.
13:00. Poteoa, plazan.
15:00. Herri bazkaria, plazan, Txilipitxeruek elkarteak antolatuta.
17:00. Jolasak, plazan.
20:00. Basaranetik jaitsiera, txapela buruan.
22:00. Kontzertuak, txosnagunean, Espuelatxuek Gaztien Elkarteak antolatuta: Malakias eta Silitia.
Ekainak 28, zapatua.
03:00. Alborada, udalbatzagaz eta Jose Mari Egileor Txistu Taldeagaz.
20:00. Abesbatzaren emanaldia, Andra Mariaren Zeruratzearen Parrokian.
21:30. Txupinazoa eta pregoioa, plazan.
22:00. Deabru Beltzak.
23:00. Sastraka erromeria, plazan.
Ondoren. Espuelatxuek Elkarteak antolatuta, GZR Band, txosnagunean.
Ekainak 29, domeka, San Pedro eguna.
10:30. Jose Mari Egileor Txistu Taldearen kalejira.
11:45. Udalbatzaren irteera udaletxetik elizara, txistulariek lagunduta.
12:00. Meza Nagusia, udalbatzagaz eta Mundakako Abesbatzagaz.
Ostean. Prozesioa, Mundakaka Arraun Taldearekin, eta ohorezko aurreskua, Gaztezar Dantza Taldearekin.
Jarraian. Sardina janaldia, plazan, euskal kantez girotuta.
18:30. Pilota partiduak, frontoian.
22:00. Addarren kontzertua, txosnagunean.
Ekainak 30, astelehena, Nagusien eguna.
14:00. Nagusien bazkaria Isla Kale kiroldegian.
Bazkalostean. Dantzaldia, KOZ taldeagaz.
18:30. Kalejira buruhandi eta erraldoiekin, Katius K-Zabal Bandekin.
Uztailak 1, martitzena.
17:00. Tortilla txapelketa, txosnagunean, Kiskillon Kultur Elkarteak antolatuta, eta jolasak, Espuelatxuek Elkarteak antolatuta.
19:00. Karibear dantzen erakustaldia, Katillotxu Emakume Elkartearen eskutik.
Uztailak 2, eguaztena.
12:00-14:00. Umeentzako puzgarriak, Isla Kale kiroldegian.
17:00. Dantza Gurekin emanaldia, plazan.
18:00. Apar Jaia, plazan.
18:00. Ping-pong txapelketa, Tribisen, Espuelatxuek Elkarteak antolatuta.
19:00. Txokolate janaldia, plazan, IGEk antolatuta.
Uztailak 3, eguena.
19:00. Umeen play-backa.
22:00. Nagusien play-backa.
Ostean. DJ KI, txosnagunean, Epsuelatxuek Elkarteak antolatuta.
Uztailak 4, barikua.
12:00. Itsas jaia, portuan.
21:00. Kontzertuak, txosnagunean: Ataku Band, Kinky Naylon eta DJ Pepinotan.
Uztailak 5, zapatua, Sukalki eguna.
11:00. Jose Mari Egileor Txistu Taldearen kalejira.
13:00. Kazuelen aurkezpena eta sariketa, Fruiztariak taldeak girotuta.
18:30. Esku pilota partiduak, frontoian.
22:00. Akerbeltz erromeria, plazan.
Ostean. DJ Dani eta Lownawy, txosnagunean, Espuelatxuek Elkarteak antolatuta.
Uztailak 6, domeka.
11:00. Kalejira, Jose Mari Egileor Txistu Taldeagaz eta buruhandiekin.
12:00. Herri kirolak, plazan.
20:00. Mariatxiak, plazan.
22:30. Azken traka ikuskizuna, suagaz eta musikagaz.