Mundakako Udalak bandera eta armarri ofiziala ditu
Bizkaiko Batzar Nagusietako Gernikako osoko bilkuran jaso zuen azken onarpena armarri eta bandera ofiziala lortzearen poriektuak. Elkarrekin "historia" egin dutela nabarmendu dute udal ordezkariek, eta pozik agertu dira lortutakoagaz.

Mundakako Udalak armarri eta bandera ofiziala lortu ditu. Iaz hasi zuten armarri eta bandera ofiziala edukitzeko prozesua, orain arte forma eta kolore askotakoak izan baitira.
Udaletik gogoratu bezala, iazko urte bukaeran Mundakan onartu zuten herriko ikurraren inguruko mozioa, eta iragan eguaztenean Bizkaiko Batzar Nagusietan onetsi zuten eskaera. «Udaletik bideratu genion txosten osoa aldundiari, eta orain dela ia hilabete bat onartu zuten gobernu kontseiluan», azaldu dute udal gobernuko kideek.
Hain zuzen ere, Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkuran jaso zuen azken onarpena proiektuak, ordezkaritza duten alderdi guztien aldeko bozkekin, PPkoenak izan ezik, bertako hautetsiak abstenitu egin baitziren. Gernikako Batzarretxean egon ziren Mundakako udal ordezkariak, eta «oso pozik» agertu dira «lorpen kolektibo garrantzitsu» horrekin: «Gure herriko historian lehen aldiz onartu dira Bizkaiko Batzar Nagusietan Mundakako armarria eta bandera ofiziala. Armarri berriak herri gisa berezi egiten gaituen berezitasunaren zati bat irudikatzen du», azpimarratu dute.
Ezaugarriak. Elkarrekin «historia» egin dutela esan, eta armarriaren eta banderaren inguruko xehetasunak ere ezagutarazi dituzte. Armarria «gorri bizi eta zilar kolorekoa» da, ofizialki.
Bandera, aldiz, errektangularra da, 2:3 proportziokoa; hau da, 3 zabalera-unitate dauzka, 2 altuera unitateko: «Lau zati berdin izango ditu. Masta aldearen erdia gorria eta zuria da, eta beste erdia, berriz, zuria eta gorria, armarriaren laukitxoak irudikatuz».