Itsasoko sareetatik frontoiko sareetara
Bermeoko Zesta Eskolak antolatuta, Tuna Jai Alai Cup txapelketa lehiatuko dute datorren zapatuan [ekainak 28]. Zesta-puntaren alorreko erakunde eta enpresetako puntisten arteko kinielek osatuko dute, bakarka nahiz binaka.
Bermeoko Zesta Eskolak urratsak egiten jarraitzen du, pilota herrigintzarako eta saretzerako “lanabes baliotsua” izan daitekeela frogatzeko. Zazpi hilabeteko bidean, hainbat jaialdi nahiz egitasmo atondu dituzte, “hainbat arrazoi” tarteko: “Batetik, ikusarazi gura dugu zesta-punta Bermeoko herriaren ikur bereizgarrietako bat izan daitekeela; alde horretatik, ikusten ari gara apurka-apurka Artza pilotalekua betetzen doala. Bestetik, harrobia landu gura dugu, eta bertoko eskola gainontzeko eskola, klub eta enpresekin hartu-emanean ipini. Horrexetarako antolatzen ditugu jaialdi eta txapelketak”. Eta, hain zuzen, prestatu duten azken lehiaketa zapatu honetan [ekainak 28] egingo dute: Tuna Jai Alai Cup.
Formatu “berritzailedun” ekimena iragarri dute antolatzaileek, horretarako iraganari leihoa zabalduz: “Antzina, Orlandon (AEB) Citrus izeneko torneoa egiten zuten; tokian tokiko enpresek pilotari bikoteak hautatzen zituzten, euren artean kinielak jokatzeko eta enpresa haiek bultzatzeko. Guk molde horri heldu gura izan diogu: Bermeo eta bertako atunaren industria bultzatu gura dugu, horretarako zesta-punta baliatuz“. Hala, Bermeo Jai Alaiz gain, Bilbao Jai Alai, Magic City, Casino Dania Beach, Jai Alive eta Eraman Jai Alai erakunde zein enpresetako pilotariak kantxaratuko dira, 19:00retan hasita.
Orlandon (AEB) egin ohi zen Citrus txapelketaren pareko formatua biziberrituko dute
Hego Euskal Herriko enpresarik esanguratsuenek parte hartuko dute, baina “deigarriena” da AEBko Magic Cityk zein Casino Dania Beachek ere ordezkaritza edukiko dutela Bermeon: “Ipar Euskal Herriko ordezkaritza lotzea falta izan zaigu, baina guk ez diogu inori aterik zarratzen, eta lanean segituko dugu”.
Hala, bermeotarrek etxeko puntista, Alex Hormaetxea, eta Eñaut Salegi markina-xemeindarra kantxaratuko dituzte; Eraman Jai Alaik, Xabier Barandika gernika-lumotarra eta Julen Del Rio gasteiztarra; Jai Alivek, Erik Mendizabal mutrikuarra eta Ruben Bailo iruindarra; Bilbao Jai Alaik, Aaron Gonzalez de Matauko gasteiztarra eta Ortzi Aldazabal Argoitia berriatuarra; Magic Cityk, Alex eta Unai Goitia markina-xemeindarrak; azkenik Casino Dania Beachek Bixente Gonzalez miarriztarra eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarra.
Atzelarien, aurrelarien eta bikotekako kinielak lehiatuko dituzte, 12 tantotara
Erakargarria eta dinamikoa.
Arestian egiten zuten legez, 12 tantora jokatuko dituzte kinielak. Azaldu dutenez, ikusteko “oso polita” izango da: “Ohiko formatuetatik aldenduta, uneoro mugimendua eta dinamismoa gailenduko dira frontoian. Denetariko kinielak jokatuko dituzte, eta zozketak nahiz musika ere ez dira faltako”. Lehenik eta behin, atzelarien kiniela jokatuko dute; ondoren, aurrelariena; azkenik, bikotekakoa. Azken horretan, beraz, ikusleek hamabi puntista ikusi ahalko dituzte txandapasan.
Sarrerak salgai daude, 10 euroren truke. Halaber, bildutako dirua kluba sendotzeko eta “lanean jarraitzeko” baliatuko dute. Sarrerak aurretiaz eskuratzeko, Artzako lehiatilara jo beharko dute herritarrek. Agortuko ez balira, egunean bertan ere salgai jarriko dituztela aurreratu dute.