Busturialdeak laugarren postuagaz hasi du KAE2ko denboraldia
Busturialdea Arraun Elkartea laugarrena izan da KAE2 mailako lehen estropadan, XXI. Astillero de Guarnizoko Banderan. Asteburuan etxeko proba lehiatuko dute.

Busturialdea Arraun Elkarteak iragan zapatuan [ekainak 21] ekin zion KAE2 mailako denboraldi erregularrari. Elantxobeko eta Mundakako arraun taldeek osaturiko elkarteak laugarren postua lortu zuen XXI. Astillero de Guarnizoko banderan (Kantabria). Eskualdeko taldeak 21.47,05eko denboran biribildu zituen lanak, nagusi gailendu zen Hibaikaren (20.49,84), Portugaleteren (21.12,22) eta Orioren (21.15,86) atzetik. Taldetik azaldu zutenez, kantabriar uretan lorturikoa ez zen “espero zuten emaitza”, baina lanerako prest agertu dira, “denboraldi ilusionagarria” baitute aurretik: “Badakigu ez dela erraza izango, baina play-offen lehian ibili gura genuke; taldeak lehen hiruren artean aritzeko bezainbesteko maila du, baina hori uretan frogatu beharra dago”.
Lehia gogorra egon zen Astilleron. Ez lehen postuagatik, Hibaika “nagusitasun osoz” gailendu baitzen, baina bai gainontzeko postuen borrokagatik. Hain zuzen, Busturialdearen aurretik sailkatu ziren klubak izango dira, arraun taldekoen ustez, aurten play-offen borrokan aritu beharko liratekeenak: “Hortaz, zuzeneko aurkariak dira, zelan edo halan; gaur-gaurkoz, inor ez dago Hibaikaren mailatik hurre, baina gainontzeko taldeak antzeko mailan daude”.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Lantalde gaztea osatu dute aurtengo denboraldiari begira, horrek dituen argi-ilun guztiekin: “Urtero modura, ilusio handiz eratu dugu taldea, eta pozarren gaude eskifaiaren mailagaz nahiz jarreragaz; hori bai, antsietate eta presa barik lehiatzera ohitu behar gara, gauzak lasai eta ondo eginez”. Horretarako aukera bikoitza edukiko du Busturialdeak, hain zuzen, datorren asteburuan. Izan ere, lehiaketaz jositako zapatu-domeka datorkie arraunlariei. Alde batetik, datorren zapatuan [ekainak 28], Hibaikaren eremura joko dute: 17:30ean hasita, XII. Errenteriako Hiria Ikurriña lehiatuko dute. Biharamunean [ekainak 29], San Pedro egunez, etxean arraun egitea tokatuko zaie, Elantxobeko 37. Traineru Estropadan.
Etxekoen aurrean “maila handian” agertzeko prest daude, orain arteko akatsetatik ikasita eta sasoi betera iristetik “hurbilago”: “Elantxobekoa estropada eremu berezia da, talde askori hartara egokitzea kostatu egiten zaielako. Hortaz, proba inork baino hobeto ezagutzea bliatu beharko dugu, eta etxean ahalik eta mailarik duinena erakusten saiatu beharko gara”. 12:00etan ekingo diote lehiari.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Murueta, geltoki berria.
KAE2 mailak, bestalde, estropada berri bat edukiko du egutegian aurten. Izan ere, klubak gogor lan egin ondoren, eskualdean maila horretako bigarren estropada atontzea lortu dute. Uztailaren 26an, lehiatuko dute, Gernika-Lumo eta Murueta bitartean: Murueta Ikurriña. 18:30ean hasirik, parte hartzaileek Errenteriatik Muruetako teileria ingurura arteko luze bi egin beharko dituzte.
KAE1 eta KAE2 ligez gain, ETE ligak ere hasiera teloia altxatu zuen iragan asteburuan. Liga horretako bigarren multzoan ari dira, hain zuzen, Ondarroa eta Isuntza. IV. Astillero de Guarnizo banderan, Zarautz Gesalaga Okelan izan zen bizkorrena, 10.57,82ko denbora sinatuta. Ondarrutarrek segundo bat baino gutxiagorengatik galdu zuten hirugarren postua, 11.18,17ko denbora eginda; Isuntzari dagokionez, sailkapeneko zortzigarrena izan zen, 11.45,68koagaz. Emakumezkoen hurrengo hitzorduak, hurrenez hurren, Donibane Lohitzune Ziburuko VIII. Ikurriña [ekainak 28] eta Portugaleteko Bandera Probisa [ekainak 29] izango dira.