Urak, suak eta tradizioak bat egiten duten herriko jai nagusiak
Gaurtik hurrengo barikura, San Joan jaiak ospatuko dituzte eatarrek. Jai Batzordeak herriko ohiturak, musika eta, kaleko ospakizuna uztartzen dituen jaietako egitaraua osatu dute. Hala, herritarrei zein inguruko bizilagunei bertaratzeko deia egin diete.

Sua, ura, erreka, jaia, lagunak, barreak, musika, dantza, hondartza, kalea… Hainbat osagaik osatzen dute Eako San Joan jaietako akelarrea. Izan ere, itsasoan abiatuko dituzte festak gaur (ekainak 20) bertan, eta suaren inguruan bilduko dira herritarrak horiek iraun bitartean, baita kontzertuen eszenatokiko argien inguruan eta lagunartean ere, errekaren freskotasunean bustita sanjoanei agur esateko asmoz.
Ohiko ereduari jarraiki antolatu dituzte aurten ere herriko jai nagusiak: ez dago berritasunik, baina, urtero legez, adin eta gustu guztientzako jaiak prestatu dituzte gaurtik datorren barikura (ekainak 27) bitartean: “Elkarlanean antolatzen ditugun jaiak dira, jende askoren inplikazioa dago, eta herritar guztientzako festak prestatzea dugu helburu. Aurten jaiak luzeak izango dira, egutegiak hala baldintzatu duelako, baina denek ondo pasatzeko aukera izango dute”.
Urtero legez, herritarrek Kaiarrian ekingo diote jaiari. Izen hori daraman haitzera joango dira, eta ikurrina hango mastan altxatuko dute, ospakizuna abiatu duten seinale. Oraingoan ere, kalean igaroko dituzte jaiak, Gautegiz Arteagako abesbatzaren emanaldia izan ezik, ekimen guztiak kalean egingo baitituzte. Hain zuzen ere, ikurrina altxatu eta emanaldi horrekin abiatuko dituzte festak, baina musikak presentzia nabarmena izango du herrian, Patxangoi elektrotxaranga eta Jose Mendizabalen emanaldiaz gozatzeko aukera egongo duelako.
Zapatuan ere ez da jairik faltako udalerrian. Herri bazkarian bilduko dira 83 bizilagun, eta lagunarteko giro ona izango da bazkariko osagairik nabarmenena. “Erantzun bikaina izan du deialdiak. Horrenbeste jende baino gehiago ezin gara elkartu, ez daukagulako horrenbesterako baliabiderik. Seguru nago leku gehiago eskainiz gero horiek ere bete egingo zirela”, adierazi dute antolatzaileek.
Herriko jai nagusien izena daraman egunean suaren inguruan bilduko dira herritarrak hondartzan, urak eta lurrak bat egiten duten gune horretan, eta urteko egunik luzeenean txarrak eroateko eta onak ekartzeko eskatzeko aprobetxatuko dute, su artifizialek unea argitu eta gero.
Horren ostean, txikienek zein nagusiek gozatzeko bi egun prestatu dituzte: martitzenean, gaztelu lehiaketa izango dute aukeran, eta erraldoiak ere bertaratuko dira udalerrira; eguaztenean, berriz, umeen jolasak eta disko festak girotuko dute kostako herri txikia.
Eguenean ailegatuko da, hain zuzen ere, jaietako egunik bereziena. Eatarren artean seinalatutako eguna da, lanean jai eguna eskatzekoa eta jai gogoz kaleratzekoa. Eguerditik gauera bitarteko ospakizuna izango da, eta protagonista bi izango ditu: erreka eta ate gainekoa.
Hain zuzen ere, ate gainekoa dantzatuz abiatuko dute eguna, herriko txoko batetik bestera atera mugituz mugituko baitira eatarrak. Eta, aurten ere, azken urteetan modura, , Ibabe Beristain izango da atearen gainera dantzatzera igoko dena. “Ate gainekoa berreskuratu genuenetik urtero izan da bera ate gainekoa dantzatu duena. Iaz Jon Argintxona, duela 60 urte Ate gainekoa Ean dantzatzen zuen dantzaria ere igo zen, baina aurten Ibabe igoko da”, azaldu dute antolatzaileek.
17:30ean, aldiz, eatarrek errekara salto egingo dute, eta hondartzara arte dagoen tartea uretatik egingo dute, ingurukoak zipriztinduz. Seguruenik, ez dira faltako ura balkoitik jaurtitzen dituzten horiek, ez eta hori saihesten ibiliko direnak ere. Hori bai, denak ala denak jai giroan, lagunartean eta ondo pasatzeko asmoz ibiliko dira. Jaiari amaiera, azken urteotako ohiturari jarraituz, danbor hotsez egingo dute: Danbayan batukadako kideak izango dira horren arduradunak.
Perkusio hotsak lagunduta, errekako urez bustita, eta, herriko jaiak ondo ospatuta emango diete agurra eatarrek letra gorriz markatzen dituzten herriko jaiei. Hori bai, hurrengo egunean txosnagunea desmuntatzeko deia ere egin dute: “Elkarren artean antolatu ditugu jaiak, eta denok batera jai gunea desmuntatzeko deia egin dugu”.
Hala, herritarrein zein inguruko bizilagunei sanjoanetan Eara bertaratzeko deia egin diete: “Sanjoanak leku askotan ospatzen diren arren, sekulako giro ona izaten dugu bertan, eta oso ondo pasatzeko aukera da. Etorri!”.
EGITARAUA.
Gaur.
13:00. Txupina eta ikurrina igoera.
19:00. Arteagako abesbatza, San Juan elizan.
19:30. Patxangoi elektrotxaranga.
23:00. Joxe Mendizabal.
Bihar.
15:30. Herri bazkaria.
Ostean. Bingo musikatua.
19:30. Poteo musikatua.
22:00. Kontzertuak: Eztandap eta Iraultza erromeria.
Etzi.
13:00. Kantu poteoa.
Astelehena, ekainak 23.
20:30. Triki poteoa, Kima eta Uxueren eskutik.
22:30. Su artifizialak.
Ostean. San Juan sua.
Martitzena, ekainak 24.
13:30. Hamaiketakoa.
17:00. Gaztelu lehiaketa.
18:30. Erraldoiak.
Eguaztena, ekainak 25.
17:00. Ume jolasak.
19:00. Disko festa Paco Sanchezegaz.
Eguena, ekainak 26.
12:00. Ate gainekoa.
13:00. Ardoa barrura fanfarrea.
17:30. Denok batera errekara!.
20:00. Danbayan batukada.
Barikua, ekainak 27.
17:00. Txosnaren desmuntaketa.