Kortezubi Bidea eta Aita Luis Villasante arteko plaza estaliko du Gernika-Lumoko Udalak
Ekainaren 18ko gobernu kontseiluan onartu bezala, Kortezubi Bidea eta Aita Luis Villasante arteko plazan haurrentzako zabuak estali eta jarriko dituela jakinarazi du Gernika-Lumoko Udalak.

Kortezubi Bidea eta Aita Luis Villasante arteko plazan haurrentzako jolasgunea estaliko duela jakinarazi du Gernika-Lumoko Udalak. 367.756,11 euroko aurrekontua dauka udalak, eta bost hilabeteko epea izango dute lanak egiteko; urte amaierarako lanok bukatzea aurreikusi dute. Herenegungo udal-gobernu kontseiluan onartu, eta egun berean osoko bilkuran eman zuen obraren berri.
Hain zuzen ere, Kortezubi Bidea eta Aita Luis Villasante kaleen arteko plazan dagoen haur parkea berritu, handitu eta estaltzeko proiektua da; parkeak «300 metro karratuko estalki polikarbonato zeharrargia» izango duela zehaztu dute. Altzairu laminatuzko perimetro-zutabeek eutsiko diote, eta alboko itxitura irekia izango du, 3,5 metroko altueraraino. «Euri-boladetatik babesteko» diseinatuta dagoela nabarmendu dute udal ordezkariek, «hirigunearen barnealdea isolatu gabe parkea berritzea» baita euren asmoa: «Jolasgune modernoa, irisgarria eta euritik babestua izateko aukera emango du, beti ere inguruaren argitasuna eta izaera irekia galdu gabe».
Plazaren barruan, berriz, lehendik zeuden zabuaez gain, adin-tarte desberdinetarako diseinatutako zabu berriak ere jarriko dituzte: labean margotutako altzairuzko banakako zabu bat, pinu gorrizko egurrezko etxetxo bat, mahai eta eserlekuekin, plaza bateko kai joko bat, bi plazako balantzin tubular bat eta txirrista bat.
Proiektu horren bidez, Gernika-Lumoko Udalak «inguruko familien bizi-kalitatea hobetu nahi du», auzoari jolaserako gune seguru eta estalia emanez, eta klimaren gorabeherei aurre egiteko eta auzokideen elkarbizitzari uko egingo ez dion espazioa lortuz.
Anbulategiko arrapala. Bestalde, lanok onartu dituzten bezala, anbulatorioko arrapala mekanikoaren bigarren fasea ere onartu dutela jakinarazi zuen Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak osoko bilkuran. Lehenengo fasea «aurreikusitakoaren arabera» joan dela eta lehenengo fase hori bukatu bezain laster bigarren fasearekin hasiko direla azaldu zuen. Azaroaren amaierarako bukatuta egotea aurreikusi dute.