Auzoak, San Joan jaien testigu izateko prest
Txarra kanporatzeko eta onari ongietorria emateko prest daude eskualdeko auzoak; musika, jana, kirola, baina batez ere, giro ona nagusituko dira asteburuan zehar hamaika txokotan. Urteko egunik luzeena tradizioz eta mitoz jantzi eta suak pizteko prest daude, beraz, han eta hemen.
Uda ate joka dago, eta udarekin batera, San Joan eguna. Hala, eskola, herri eta etxeetan gaitzak erretzeko prestatzen ari dira dagoeneko. Sorginak, laztoa, egurra, eukaliptoa etabar luze bat; dena dago prest, San Joan bezperan sugarrak piztu eta sutearen inguruan dantzatu, abestu eta saltoka aritzeko. Gertaera txarrak atzean uzteko aukera izateaz gain, konjuruak esanda desioak eskatzeko unea ere bada. Txarra kanporatu, eta onari ongietorria emango diote, alegia.
Herri batzuentzat berebiziko eguna da, eta egutegietan urterik urte markatzen den horietakoa izan ohi da, baina auzoak ere ez dira atzean gelditzen. Horietan ere hamaika ospakizun aurreikusten dituzte datozen egunotan Busturialdean.
Horrela, urteko egunik luzeena ospatzeko ekintzez bete dituzte auzoetako hainbat txoko Busturialdean. Ajangizen, esaterako, Kanpantxu auzoa izango da, beste behin, San Joan jaien testigu. Gaur hasiko dira, eta bihar jarraituko du jai giroak, denetariko ekintzekin; astelehenean emango diote amaiera, aldiz, suaren pizteagaz.
Bermeon berritasunekin datoz aurten. Izan ere, Areneko jaiak berreskuratu dituzte, eta astelehenerako egun osoko egitaraua aurreikusi dute jai batzordekoek; bazkarian batuko dira eguerdi aldean, eta musika izango da gero nagusi, arratsalde zein iluntzean. Bestalde, San Juan egunean, urtero modura, mezak ospatuko dira Gaztelugatxeko San Juanen; 06:30, 07:30, 08:30, 10:30 eta 11:30 izango dira mezak.
Ereñoko Gabika auzoak urteroko martxa jarraituko du, eta txapelketaz txapelketa arituko dira, sua pizteaz gain. Hain zuzen ere, martitzenean, briska eta txantxiku txapelketak jokatuko dituzte. Jakinarazi dutenez, ereñarrentzat bakarrik antolatu dituzte txapelketa horiek. Errigoitiko Sallobanten ere goi-goitik gozatuko dute sanjoanetaz, beste urte batez. Urteko egunik luzeena ardatz, asto eta idi probak izango dituzte auzoan, jan edanaz gain.
Gernika-Lumon, San Juan Ibarra izango da askotariko ekintzen eszenatoki datozen egunetan. SOMEko Rock’N Band kontzertuak girotuko du jaien hasiera gaur, eta bost egunez hamaika ekintzaz disfrutatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek. Gainera, adin guztietako jendeak gozatzeko moduko egitaraua antolatu dute.
Mendatako Lamikizen eta Morgako Ganben ere urtez urteko tradizioari jarraiki ospatuko dituzte sanjoanak. Musika izango da nagusi bietan. Muxikako Ajurian ere izango dute gozamenerako tartea. Bihar hasi eta martitzenera bitartean kirola, musikak eta dantzek hartuko dute nagusitasuna auzoan. Sua ere piztuko dute, gainera, astelehen iluntzean.