Gernika BHIko ikasleek Clareli eskatu diote euren establezimenduan euskara bermatzeko
Informazio elementu guztietan euskara sartzeko eskaera egin diete ikasleek: "Arazoa konpontzeko modurik egokiena kartelak, liburuxkak eta dendako gainerako informazioa euskarara aldatzea litzateke".

Gernika BHIko DBH 4.mailako ikasleek Clarel enpresari eskatu diote Gernika-Lumoko euren denda berrian euskara bermatzeko. Izan ere, konturatu dira dendako kartel guztiak gaztelaniaz idatzita dituztela. Erreklamazio gutunak enpresari helarazi dizkiote irakaslearen proposamenari jarraiki, baina lan hori “gustura” egin dutela dio irakasleak, “euskararen aldekoa delako”.
Hain zuzen ere, Lengua eta Literatura ikasgaiaren baitan kokatu dute erreklamazioa bidaltzearen zeregina, ikasgaiaren programazioan lantzen dituzte testuen artean agertzen delako testu mota hori. Gutunak bidaltzeaz gain, online bidez ere egin dituzte erreklamazioak eta dagoenerako hasi dira erantzunak jasotzen: Clarelen Bezeroen Arreta Zerbitzutik argitu diete euren erreklamazioak beste bulego batera bideratu dituztela.
Izan ere, besteren artean, uste dute “ez dela onargarria” euskara hizkuntza ofiziala den bizilekuan eskubide hori “ez errespetatzea”: “Herritar naizen aldetik, informazioa euskaraz ere jasotzeko eskubidea dut”. Beste ikasle batek, esaterako, enpresari esan dio “errespetu falta” dela euskarak lekurik ez izatea establezimenduan: “Euskal Herrian dagoen enpresa batek euskara kontutan ez izatea hizkuntzarekiko eta euskal kulturarekiko sentsibilitate falta iruditzen zait, euskara hizkuntza ofiziala delako”.
Hori dela eta, kartelak tokiko elebitasunera aldatzeko gomendioa egin diete ikasle batzuek, informazio elementu guztietan euskara sartzekoa beste batzuek. Haratago ere joan dira zenbait, eta etorkizuneko irekieretan “indarrean dauden hizkuntza araudia errespetatu beharko luketela” esan diete. “Arazoa konpontzeko modurik egokiena kartelak, liburuxkak eta dendako gainerako informazioa euskarara aldatzea litzateke, beste leku batzuetan egiten duten modura, Katalunian, esaterako. Han katalanez ere daude informazio elementuak. Horrela, hizkuntza aniztasuna errespetatuko litzateke”, gehitu dute,
Momentuz, ikasleak erantzun gehiago jasotzearen zain daude, eta dendako kartelak laster euskeraz ikustea espero dute.