Erdu Muxike: "Erduk ez du inolako erasorik onartuko"
Muxikako Gazte Egunean emandako eraso sexista guztiak eta eraso arrazista gogor salatu zituzten atzo (ekainak 17) Muxikako Kurtzeroan. Ez dutela inolako erasorik onartuko argi adierazi zuten, eta datorren urtean Gazte Eguna ez antolatzeko erabakia hartu zuten.

Joan den zapatuan Muxikako Gazte Egunean emandako eraso sexista guztiak eta eraso arrazista gogor salatu zituzten atzo (ekainak 17) Muxikako Kurtzeroan, eta herritarrek babesa helarazi zieten erasotutako emakumeei. Erdu Muxikeko Gazte Taldeak egindako deialdiari hainbat eta hainbat herritarrek erantzun zioten, Muxikan ez dutela inolako erasorik onartuko argi adierazi zuten gazte taldekoek: “Erduk ez du inolako erasorik onartuko”.
Udako jai giroan murgilduta, “urtero legez”, eraso matxistak areagotzen hasi direla salatu zuten, “zoritxarrez”. Hala, emakumeek aske eta beldur barik ibili gura dutela gehitu zuten: “Jaiak eta gabak gureak dira. Eta erasotzaileok ez duzu lekurik bertan”.
Hala ere, ez zuten aipatu barik utzi gertatutakoaren aurrean emandako eraso arrazista. Argi adierazi zuten eraso sexistak ahalbidetzen dituena matxismoa dela, eta ez erasotzaileen jatorria: “Zoritxarrez, adin, klase sozial zein jatorri ezberdinetako gizonak dira emakumeenganako indarkeria praktikatzen dutenak, eta denen aurrean autodefentsa feministaz erantzuteko determinazioa daukagu”.
Uda luzea dator aurretik, eta emakumeek jaietaz askatasunez gozatzeko bermeak behar dituztela nabarmendu zuten. Horretarako, gizonezkoek erasotzeari utzi behar diotela esanez: “Zuen ardura hartu. Denon ardura delako denontzako jaigune seguru eta askeak bermatzea”.
Gazte taldekoek onartu zuten zapatu gabean euren esku egon ez ziren gertakari asko eman ziren, “aho zapore txarra utziz”. Hala, datorren urtean Muxikako Gazte Eguna ez antolatzea erabaki dute: “Ahalegin eta ilusio handiz antolatzen dugun jai herrikoi hau gero eta arrotzagoa sentitzen dugu. Eta arduraz ikusten dugu azken urteetan egun honetan egon den borroken eta erasoen gorakada. Horregatik, pena handiz, datorren urtera begira, Gazte Egunik ez ospatzeko erabakia hartu dugu. Guk argi daukagu. Muxikan eraso sexisten aurrean, autodefentsa feminista”.