Argi Baltza sariketaren finala hartuko du Muxikak, zapatuan
Muxikako Urretxindorra Herri Eskolan jarri dute hitzordua, 18:00etan, Argi Baltza sariketaren bosgarren edizioa burutzeko. June Aiestaran, Maider Arregi, Aitor Bizkarra, Asier Galarza, Koldo Gezuraga eta Jon Gurrutxaga azpeitiarra izango dira oholtzan, txapela janzteko helburuz.

Ekaina bertsoz jantzi du Lilibertsok bosgarrenez, eskualdean. Izan ere, duela bost urte antolatu zuen lehenengoz Argi Baltza sariketa, bertsolari gazteei plazetan kantatzeko aukera ahalbidetuz, eta orain arte bezala, hainbat gazte igaro dira proposatutako hiru plazetatik. Horregatik, ekaineko lehen hiru domeketan jokatu dira kanporaketak, Mendatan, Ajangizen eta Gautegiz Arteagan, eta sariketaren finala, berriz, zapatuan (ekainak 21) jokatuko da Muxikan, 18:00etan; “kultura asko dagoen baina, zoritxarrez, batzuetan herri handien gerizpean” gertatzen diren herriak ditu jomuga hasieratik sariketa honek. “Gure asmoa beti izan da Gernika eta Bermeotik apur bat irtetea; Busturialdeko zentroa dira, baina guk herri txikietara joan nahi izan dugu ekimen honekin”, nabarmendu dute Lilibertsokoek.
Hiru kanporaketetako -ekainak 1, ekainak 8 eta ekainak 15- irabazleak zapatuko hitzordu handirako zuzeneko txartela eskuratzen joan dira, Argi Baltzaren antolatzaile den Lilibertsoko kideek sariketaren aurkezpenean aurreratu zuten bezala. Lehenengo saioa Jon Gurrutxagak irabazi zuen; bigarrena Aitor Bizkarrak; eta hirugarren eta azkena, berriz, Maider Arregik. Gainontzeko hiru finalistak, ordea, puntuazioen arabera erabaki dira. Guztira, beraz, sei bertsolarik izango dute saria jasotzeko aukera, zapatuan, Muxikan. Eta, gainera, eskualdeko presentzia ere nabarmena izango da. Izan ere, June Aiestaran beasaindarra, Arregi oñatiarra, Bizkarra abadiñotarra, Asier Galarza muxikarra, Koldo Gezuraga gernika-lumotarra eta Gurrutxaga azpeitiarra izango dira bertsotan, Argi Baltza sariketaren bosgarren finalean.
Orain artekoaren balorazio ona egin dute antolatzaileek, eta bosgarren edizio hau izaten ari den “harrera ona” azpimarratu dute: “Eremu txikietan egin ditugu saioak, eta hiru herrietan izan du harrera bikaina. Guztietan izan dira 30-35 pertsona inguru; beraz, jendearen erantzuna ona izan da, eta parte hartzaileak ere gustora egon dira”. Finala ere bere horretan joatea espero dutela esan dute, eta Muxikako Urretxindorra Herri Eskolako pergolan egingo dutela ere zehaztu dute: “Finala espazio handiago baten egitea gustatzen zaigu, jende gehiago etorri ahal izateko, eta Urretxindorra Herri Eskolak hori ahalbidetzen digu”.
Aurtengo “maila handia” gogoratu, eta epaimahaikideen lana ere aitortu dute Lilibertsotik. Ander Arrien, Beñat Romero eta Mirari Axula izan dira sariketa guztian zehar epaimahian jesarri direnak. Nahiz eta Axula ezingo den finalean egon, azaldu dute Leire Etxeberria egongo dela bere ordez, Muxikan. Horrelako sariketa antolatzearen atzean dagoen lanaz ere ez dira ahaztu, eta udalekin izan duten elkarlanaz eskertuta agertu dira.
Aurreratu dutenez, txapela Ander Elortegik jantziko du: “Eskualdeetatik ibiltzen den bertso irakasle bat da Elortegi. Gure sariketak, gainera, Jon Lopategirekin lotura handia du; izan ere, Busturialdeko bertso irakasle gisa ezagutzen zen Lopategi. Esan dezakegu, Elortegi bere ondorengoa dela. Beraz, berak jantziko dio irabazleari txapela, zapatuan”. Hori, kontatu dutenez, “bere filosofia eta gazteak bertsotara bultzatzeko etengabeko saiakera” ikusarazteko modu bat bezala ulertzen dute.
Gauzak horrela, Lilibertsotik zapatuan, 18:00etan Muxikara hurbiltzeko deia egin dute, “plan ezin hobea” dela gehituz: “Polita izango da. Bertsolari gazteak izango dira oholtzan, eta horrek freskotasuna ematen dio saio orori. Gainera, zapatu arratsaldean izanik, plan ezin hobea da; Argi Baltza sariketaren finala ikusi, eta gero nahi duenak parranda egin dezala”.