Mailarik handieneko enduroa, zapatuan
Ekainaren 21ean lehiatuko dute, Ereñoko Gabika auzoan, XII. Ereño Enduro lasterketa. 100 parte hartzaile edo gehiago aurreikusten dituzte.
Ereño motorzaleen eta enduroaren maitaleen kokaleku nagusi bihurtuko da zapatu honetan [ekainak 21]. Goizetik eguerdira bitarteko egitarauagaz, XII. Ereño Enduro lasterketa lehiatuko dute, Gabika auzoan. Gernika Off-Road taldeko kideek goi mailako ibilbidea prestatu dute, goi mailako pilotuak hartzeko. Gaur-gaurkoz, 42 lagunek izena eman dute lehiarako, baina “askoz gehiago” espero dituzte: “Euskadiko Txapelketarako ez ezik, Kantabria, Nafarroa eta Gaztela Leongo txapelketatarako proba puntuagarria izango da; horrek jende asko erakarriko du, baina azken orduan izena emango dute; seguru asko, 100 lagunetik gora elkartuko dira.
08:00retan ipini dute parte hartzaileentzako hitzordua, ordu horretatik 09:30ak arte egingo baitituzte egiaztapenak. 09:40an, bilera egingo dute antolatzaileek lehian ariko diren gidari guztiekin, eta lehendabizikoa 10:00etan irtengo da. Hala, 14:30ak ingurura arte luzatuko da erresistentzia fisikoa eta gaitasun teknikoak uztartuko dituen enduro proba gogorra. Izen ematearen arabera, antolatzaileen asmoa da parte hartzaileak hirunaka ateratzea, minutuka-minutuka.
Ibilbidean tarte kronometratu bi topatuko dituzte: bata, Buztarrigana inguruan; bestea, Ereñoko herrigunean; horiek ahalik eta bizkorren egitea izango dute jomuga. Edozelan ere, puntutik puntura arteko tarteak egiteko ere denbora epeak jarriko dituzte, eta, ezarritakoa baino gehiago behar badute, denbora zigorra jasoko dute gidariek. Ibilbideari, gainera, hiru itzuli egingo dizkiote. Hala, sei tarte kronometratuko denborek eta batetik bestera artean jasotako balizko penalizazioek osatuko dute bakoitzaren denbora erregistroa.
Sariketaz.
15:00retan, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Sailkapen orokorreko lehen sailkatuak txapela jasoko du. Horrez gain, kategorikako sailkapenak ere egingo dituzte. Horietako lehen hirurek garaikurra jasoko dute, baina baliteke “bestelako produktuak” ere eskuratzea. Halaber, parte hartzaileen artean zozketak ere egingo dituzte. Edozein enduro probari dagokion ibilbide gaitzaz gain, are zailagoa den beste ibilbidetxo bat ere prest dute: “Hortik pasatzen direnak Txapelketa izeneko lehian sartu ahalko dira, seniorren eta gazteen sailkapenekin; ibilbide “erraztxoagoan”, berriz, Torneoa izeneko sailkapena egongo da, hori ere seniorrentzat eta gazteentzat baliagarria. Ez hori bakarrik: beteranoen eta emakumezkoen sailkapenak ere egingo dituzte.
Antolatzaileek aurreratu dute Gabikako txokoa egun osoan zabalik egongo dela: “Gainera, ogitarteko postua ere egongo da, edariez gain”. Herritarrei, hortaz, bertaratzeko deialdia luzatu diete.