Odola ematearen garrantzia azpimarratu eta emoileei omenaldia egin diete
20 eta 25 aldiz zein 75 eta 100 aldiz baino gehiago odola emandako 100 pertsona inguru omendu zituzten Odolkideek barikuan (ekainak 13), Gernika-Lumon.

Gernika-Lumokon odola ematen 50 urte igaro diren urte honetan, odol emoileei omenaldia egin zieten barikuan (ekainak 13), Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, eta bertan batu ziren 20 eta 25 aldiz zein 75 eta 100 aldiz baino gehiago odola emandako 100 pertsona inguru.
Izan ere, 20 eta 25 odol emate egin dituzten 88 odol emoile (27 emakumezko eta 61 gizonezko) omendu zituzten, 52 Gernika-Lumon bizi direnak eta 36 inguruko herrietakoak: 7 busturiarrak, 5 foruarrak, 4 muxikarrak, 3 mendatarrak, 2 mundakarrak eta bana Elantxobekoa, Ereñokoa, Errigoitikoa, Gautegiz Arteagakoa, Ispasterkoa, Kortezubikoa, Morgakoa eta Sukarrietakoa; horien artean, gainera, Maierren odola ematen duten 6 odol emaile eta Losalen ematen duten beste 2 ere omendu zituzten. Omendu zituzten ohorezko odol emaileak, berriz, 15 izan ziren (bost andrazko eta hamar gizonezko), eta horietatik 12 Gernika-Lumon bizi direnak; 2 ziren Muxikakoak eta 1 Busturiakoa.
Ekitaldia Odol Emoileen Mundu mailako egunaren (ekainak 14) bezperan egin zuten Odolkideek, beste leku askotan odola ematearen garrantzia azpimarratzeko egindako jarduerekin bat egiteko asmoz.
Foru plazan talde argazkia atera zuten denek batera, eta gero, Elai Alaiko ekitaldian, Miguel Angel Vesga Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari medikoak behar sanitarioak betetzeko “ezinbestekoa” dela odola azaldu zuen: odola ezin dela fabrikatu eta eman egin behar dela azpimarratu zuen. Horrez gain, Gernikaldean 50 urte hauetan egindako 41.000 odol emoteak eskertu zituen.
Ekitaldian, gainera, odol emoileen jatorriko alkateak edo alkateordeak egon ziren, baita Maierreko ordezkariak ere, eta eurek banatu zituzten diplomak, odol emate hori eskertzeko eta udalen eta enpresen bultzada adierazteko. Hala, Ajangizko, Busturiako, Ereñoko, Errigoitiko, Gautegiz Arteagako, Gernika-Lumoko, Kortezubiko, Mendatako, Mundakako eta Muxikako udal ordezkariak izan ziren.
Bide batez, gogoratu dute Elai Alai areto txikiak Gernikaldean 50 urtez odola ematen dela-eta gogoratzeko prestatutako erakusketa barikura arte ikusgai dagoela gogoratu dute.

Odol emoileei omenaldia Gernika-Lumon.Odolkideak