Markak apurtu dituen martxa
Inoizko parte hartzerik handiena eduki duen Oiz Erronkaren "balorazio bikaina" egin du Aixerrotape Zikloturista Elkarteak.

Arrakastatsua. Horixe da XV. Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistaren antolatzaileek ahotan darabilten berba. Orain arteko marka denak gaindituz, Aixerrotape Zikloturista Elkarteak atondutako martxa “ezin hobeto” joan zen, iragan zapatuan [ekainak 14]. Antolatzaileek aurtengo ekitaldiak edukitako “zentzu berezia” azpimarratu dute: “Azken aldietan jende asko animatu da, baina aurten argi eta garbi ikusi dugu Bizkaiko bigarren martxarik jendetsuena garela, hemengo aldartea egundokoa dela, eta egitarau guztia prestatu bezala atera zedila lortu genuela”.
Helbururik garrantzitsuenak “sobera” bete dituzte aurten ere: “Batetik, parte hartzaileen iritzi positiboak jasotzea, egiten dugunak funtzionatzen duela jakiteko eta aldatu beharrekoa ezagutzeko; bestetik, inongo istripurik ez egotea, eta, hain zuzen, ez zen arazo larririk egon, alde horretatik”. Barikutik [ekainak 13] hasita, giro paregabea nabarmendu zen Domingo Alegria plazan antolatutako Oiz Erronka Hirian: “Prestatu genituen ekimenei ondo erantzun zieten parte hartzaileek, bereziki, Bizikleta Solidarioa egitasmoari; asko izan diren beraien bizikletei bigarren bizitza eman gura izan zietenak”.
Zapatu goizean, Pedro Horrillo ziklista profesional ohiak omenaldi hunkigarria jaso zuen. “Martxa honetara hutsik egin ez duen horietako bat izan da betidanik, eta, gainera, esku hartze handia eduki du martxaren hazkundean eta sustapenean; ondo merezitako omenaldia jaso zuen irteera lerroan, eta zeharo eskertuta agertu zen”. Martxa ez lehiakorra izanik ere, tarte kronometratu bi eduki zituzten txirrindulariek: bata, Oiz tontorrera; bestea, Bizkaiko Begiratokira.
Javier Goitia Omaetxebarria gernika-lumotarra izan zen Oiz tontorrean bizkorrena, 34.44ko denbora biribildu ostean
Oizko malda pikoei aurre egitera ausartu zirenak tropel erraldoiaren gutxiena izan arren, bai ibilbide luzeko, bai ertaineko zenbaitek gainditu zuten azterketa hura. Denetan bizkorrena Javier Goitia Omaetxebarria gernika-lumotarra izan zen; Munitibartik Oiz gailurrera arteko tartea 34.44ean egin zuen. Bizkaiko Begiratokian, ostera, Natalia Vasquez Amaia ibartarra (16.27) eta Ibai Cantabrana Irazabal basauriarra (09.20) izan ziren azkarrenak.
Oiz Erronka “guztiz egonkortuta eta sendotuta” dago. Hurrengo urteei begira, aixerrotapetarrek “presiorik gabe eta mimo handiz” antolatzen jarraitzeko asmoa dute: “1.200 lagunera arteko martxa presta dezakegula uste dugu, baina ez hori baino handiagoa; guretzat garrantzitsuena parte hartzaileak aseta gera daitezela da, eta ez dugu makromartxa antzeko bat egin gura”. Alde horretatik, asteburun beharrean ibilitako boluntarientzako esker oneko berbak eduki dituzte: “100 lagun inguru ibili gara lanean, inoiz baino gehiago. Boluntarioen eta babesleen beharrik gabe, Oiz Erronka ez litzateke egingarria izango eta, hortaz, eskerrik asko denei”.