"Produktuen otzarak egin, eta salmenta zuzenak egiten ditugu"
Tokiko eta sasoiko ortuariak eskaintzen ditu Iñigo Garinek, tokian tokiko produktuen kalitatea salmenta zuzenak azpimarratuz.

Bertoko produktuekin lan egiten du Iñigo Garinek. Garin Eko Produktuak Kooperazioa sortu zuen duela 11 urte. Bertoko eta sasoiko ortuariak landatzeko eta saltzeko ekindako bidearekin jarraitzen du gaur egun, bere produktuak bere kabuz zein Baserritik Gernikararen bidez salduz. Bezeroekiko harreman zuzena daukala nabarmendu du, egunez egun egiten duten etxez etxeko salmenta zuzenari esker.
Zelan hasi zinen lehenengo sektorean lanean?
28 urtez enpresa batean lanean ibili nintzen, baina krisiarengatik itxi egin zuten. Beste zerbait bilatzen hasi, eta mundu hau beti gustatu izan zaidanez, horrekin hasi nintzen. Nire afiziotik, ofizioa egin nuen.
Noiz sortu zenuten Garin Eko Produktuak? Zenbat kide zarete gaur egun?
Hilabete honetan, ekainean, 11 urte betetzen ditugu honekin. Amets nire semeak eta biok egiten dugu lan gehienbat Garin Eko Produktuak kooperazioan; kanpoko laguntzaile puntual bat zein beste edo izaten ditugu, baina batez ere nire semea eta biok gara kideak. Bertoko produktuak, sasoikoak, eskaintzen ditugu sortu genuenetik.
Sare sozialak dituzue. Erakusleiho handia al dira zuentzat?
Bai, izan daitezke. Azken batean, gure egunerokoa jendeak ikusteko modu bat da. Lauzpabost bezero lortu ditugu orain arte, adibidez, Instagrametik. Jendearengana heltzeko modu zuzena da, eta gaur egun sare sozialek duten indarra ikusita, are gehiago.
Nola eskuratu daitezke zuen produktuak?
Webgunerik ez dugu oraingoz. Gehienbat Facebooketik, edota ahoz ahoko komunikaziotik egiten dizkigute enkarguak, eta telefonoz ere bai, noski. Telebistan sarri agertu garenez, jendeak hortik ezagutzen gaitu. Horiek ezagunekin hitz egiteagatik eta gure berri ematetik lortu ditugu bezero gehienak. Baina, bai, telefonoz eskaria eginez eskuratu daitezke gure produktuak. Udazkenean, esaterako, azokaren batean zein bestean ere izaten gara, baina gutxi.
Nolako harremana duzue erosleekin?
Guk salmenta zuzenak egiten ditugu. Baserritik Gernikaraz gain, gure produktuen otzarak egiten ditugu, eta banan-banan bezeroen etxeetara eroaten ditugu eskariak. Harreman ezin zuzenagoa dugu gure erosleekin, beti. Guretzat bezeroekiko harreman hori dena da. Izan ere, horrek lehen aipatu dudan ahoz ahoko komunikazioa sustatzen du, eta beraz, erosle gehiago lortzen ditugu.
Nola baloratzen duzu Baserritik Gernikara proiektua?
Proiektu oso polita da. Ez da estilo horretako proiektu bakarra, beste herri edo eskualde batzuetan ere badaudelako horrelakoak, baina hau berezia da. Hemengo ekoizleak eta hemengo biztanleak bateratzen ditu Baserritik Gernikara proiektuak, berton sortutako produktuen alde eginez. Herria egiten duen proiektua da. Ez da proiektu komertzial bat soilik, askoz gehiago da. Eboluzio ona izan du, gainera. Pandemian jaio, eta sekulako boom-a izan zuen; gero, normalizatu egin zen. Dagoeneko herrian egonkortuta dagoen proiektua da. Horrela jarrai dezala espero dugu, eta noski, horretarako, jendea animatzen dut proiektuaren parte izatera.
Produktuak
BARAZKIAK
· Tomatea
· Piperra
· Uraza
· Patata
· Ziazerba
· Zerba
· Pepinoa
· Zalla kipula
· Indaba zuria eta gorria
· Kalabaza
FRUITU LANDARAK
· Kiwia
· Meloia
· Sandia
· Sagarra
Kontaktua:
Sartzola baserria, Mendieta auzoan.
AJANGIZ
607 89 47 70
inigogarin1@gmail.com