"Busturialde duin baten alde" mobilizatzera deitu dituzte herritarrak
Busturialdeko Ernaik Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren kontrako manifestazioa deitu du etzi [ekainak 13], 20:00etan, Merkuriotik hasita.
Agintariek Guggenheim Urdaibai makroproiektua aurkeztu zutenetik asko izan dira horren kontra eskualdeko kaleek hartu dituzten manifestazio jendetsuak, sinadura-bilketak, hitzaldiak eta bestelako dinamikak. Busturialdeko Ernaiko kideentzat baina, ekintzak ez dira nahikoa izan “EAJk eskualdearen nahiak eta beharrak entzun, ulertu eta atzerapauso bat emateko”. Horregatik, mobilizazioa deitu dute barikuan [ekainak 13], Gernika-Lumon. 20:00etan jarri dute hitzordua, Merkurion: “Berriro esango diogu ezetz inposatu nahi diguten etorkizunari”.
Milaka herritar behin eta berriro aurka agertu arren agintariek “entzungorrarena egiten” jarraitzen dutela eta mobilizatzen jarraitzeko arrazoiak egon badaudela azaldu dute. Makroproiektua Urdaibairen bihotzean kokatzeko nahiak 85 fauna eta flora espezie arriskuan jartzea dakarrela nabarmendu dute: “Gazteok hemengo animaliak, landareak eta ekosistemak zaintzea dugu lehentasuntzat, eta ez horiek desagerraraztea”. Horrez gain, Guggenheim Urdaibai “guztion artean” ordainduko dela salatu dute, 130 milioi eurokoa kostua izango duela azpimarratuta. Diru publikoa enpresa pribatuen mesederako erabiliko dela agertu eta horrek “helburu argia” duela salatu dute: “Aberatsak direnak oraindik gehiago aberastea”. Diru hori makroproiektura beharrean hezkuntza-sistema, garraio-azpiegiturak eta osasun-zerbitzuak ordaintzera bideratzea aldarrikatuko dute mobilizazioan.
Etxebizitzaren merkantilizazioa.
Ernaitik Guggenheim-ek herritar askoren bizi kalitateak “okerrera” egitea ekarriko duela nabarmendu dute, eskualdeko gazteek gaur egun etxebizitza alokatu edo erosteko dituzten zailtasunak salatuz: “Guggenheim-aren ondoriozko prezio-igoerak etxebizitza merkantilizatzea baino ez du eragingo”. Agintariek proiektuak lana ekarriko duela esan arren, horren baldintzak nolakoak izango diren ez zehaztea leporatu die: “Behar horiek prekarioak izango dra, soldata miserableekin eta lan-baldintza eskasekin”. Horregatik, eskualdeko herritarrek “bizitza duinak” izateko, “kalitatezko lanpostuak” aldarrikatuko dituzte.
Euskararen erabilerak eta euskal kulturak ere proiektuak Busturialdera erakarriko lukeen turismo masiboaren “kalte izugarria” pairatuko luketela salatzeko ere baliatuko dute manifestazioa: “Atrakzio turistiko izatetik urrun, euskal ikurrak, hizkuntza eta ohiturak egunerokotasunean erabili eta zaintzea dagokigu”.
Hala, Busturialdeko Ernaitik mobilizazioagaz bat egin eta “makroproiektu diruzalerik gabeko Busturialde duin batean alde” manifestatzeko deia luzatu die herritarrei: “Ozen aldarrikatu dugu, Guggenheim Urdaibai ez!”.