Maietz Pazko jaiek Arratzun jarraituko dute
Muxikan eta Sukarrietan Maietz Pazkoak agurtu dituzte asteburuan. Asteburu honetan, ordea, arratzuarrek izango dute jaiez gozatzeko aukera, barikutik martitzenera bitartean.

Maietz Pazkoak bete-betean ospatu dituzte Muxikan eta Sukarrietan asteburuan zehar, herri txikietan jai handiak ospatzen direla erakutsiz. Horren erakusle, Muxikan denetariko ekintzez gozatu dutela: bakailao jana, Sustabizen erakustaldia, erromeriak eta musikak girotu dute asteburua. Gainera, domekan Onintza Enbeitak eta Koldo Gezuragak balkoitik balkoirako bertso saioa eskaini zuten, beste urte batez.
Sukarrietan ere beste horrenbeste ekintza izan dituzte, gazte zein nagusienen gozamena bermatuz. Janaria izan da nagusi hemen, sukalkia eta sardinada kontuan hartuz. Hemen ere, Sustabizekoen erakustaldiak izan du plaza, jaia musikaz girotuz.
Batzuk Maietz Pazkoak agurtu berri dituzten heinean, beste batzuek ongi etorria emango diete: Arratzun, asteburu honetan ospatuko dituzte jaiak, asteburua martitzenera arte luzatuz, eta nola ez, herria hamaika ekimenez betez. Arratzuko Jai Batzordeak, alegia, egitarau borobila prestatu dute aurten, Arratzuko Udalaren laguntzaz. Barikuan (ekainak 13) emango diote hasiera jaiei, pregoia eta txupina botata. Aditzera eman dutenez, Pedro Mari Kaltzakortak jaurtiko du txupina. Iluntzea buruhandien kalejiragaz osatuko dute, eta sartenekoagaz eta Gauargi erromeriagaz amaituko dute jaien estreineko eguna.
Zapatuan, goizetik hasi eta gauera arte iraungo du jaiak Arratzun. Askotariko egitarau zabala aurreikusiz, gazte zein nagusientzako ekintzak antolatu dituzte, kirolerako, musikarako eta janarirako tartea nabarmenduz. Umeentzako pottokekin hasiko da eguna, beraz. Ondoren, 13:00etan, Bizkaiko Lasto botatze Txapelketa hartuko du herriak. Herri bazkaria egingo dute, gainera, haurrentzat eta nagusientzat ordutegia bereiztuz; haurrek 14:00etan izango dute jateko hitzordua, eta nagusiek, aldiz, 15:00etan.
Bingo lehiaketak girotuko du zapatu arratsaldea, oro har, herrian. Umeentzako ekitzekin jarraituz, iluntzean playback lehiaketaz gozatuko dute. Esan dutenez, ekainaren 13ra arte egongo da horretan izena emateko epea zabalik; email bidez egin behar da, arratzukojaibatzordea@gmail.com helbidera idatziz. Gaineratu dute, izena ematearekin batera taldearen izena eta abestia bidali behar direla, link bidez edota mp3 formatuan. Playbacketik Altxa Porru erromeriara egingo dute salto iluntzean, eta DJ Joseinak agurtuko du gaua, ondoren.
Domekan, aldiz, kirola izango da nagusi. Hala, Arratzuko Esku Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dituzte 11:3oeatik 14:00etara bitartean. 12:30ean, gainera, meza nagusia izango da, Arratzuko koruak abestuta.
Astelehenean atsedenerako tartea utziko dute, baina martitzenean jarraituko du Maietz Pazko jaiak. Mezak hasiko du eguna, eta Maietz Pazko janaria egingo dute, ajrraian, Herriko Tabernan. Arratsaldean Monda Lironda Pailazoak Detektibeak ikuskizunarekin girotuko dute herria. Ostean, txokolate beroa izango da aukeran, eta iluntzean, azkenik, Arratzuko Piñapolak Otxoteak jai amaierako txupina botako du.
EGITARAUA:
Ekainak 13, barikua.
20:00. Jaien hasiera. Pregoia eta txupina.
Ostean. Buruhandien kalejira.
21:00. Sartenekoa.
22:00. Gauargi erromeria.
Ekainak 14, zapatua.
11:30-13:00. Umeentzako pottokak.
13:00. Herri kirolak; Bizkaiko Lasto botatze Txapelketa.
15:00. Herri bazkaria, frontoian.
Ostean. Bingo herrikoia.
15:30. Umeentzako puzgarriak edo ekintzak
20:00. Playback.
22:30. Altxa Porru erromeria
Ondoren. DJ Joseina.
Ekainak 15, domeka.
11:30-14:00. Arratzuko Esku Pilota txapelketaren finalak.
12:30. Meza nagusia, Arratzuko koruak abestuta.
Ekainak 17, martitzena.
13:00. Meza.
15:00. Maietz Pazko bazkaria, Herriko tabernan.
18:00. Monda Lironda Pailazoak
Ostean. Txokolate beroa guztiontzat.
20:00. Jai amaierako txupina.