Giza jarduketek "eragin garrantzitsua" dute Oka estuarioaren morfologian
Oka ibaiaren arroko baliabide hidrikoetan klimak duen inpaktua aztertzen duen azterketa lana egin dute, eta, ondorioztatu dute, klima aldaketak estuarioaren morfologian "oraingoz inpaktu txikia" duen arren, gizakien jarduketek eragin "garrantzitsuak" izan dituztela.

Ihobek Urklima: klima aldaketak Oka ibaiaren arroko baliabide hidrikoetan duen inpaktua izeneko txostena aurkeztu du, zeinek Oka ibaiaren arroko baliabide hidrikoetan klimak duen inpaktua aztertzen duen. Hain zuzen ere, beroketa gobala uraren erabilgarritasunean eta kalitatean zelan eragiten ari den aztertzen du, baita Okako estuarioaren dinamika zein den ere. Hala, ondorioztatu du klima aldaketak estuarioaren morfologian “oraingoz inpaktu txikia” duen arren, gizakien jarduketek —hala nola dragatze lanek edo hondartza birsortzeko lanek— eragin “garrantzitsuak” izan dituztela.
Lan hau Klimatek ekimenaren barruan kokatzen da, hau da, klima aldaketara egokitzeko politiketan berrikuntza sustatzeko Eusko Jaurlaritza 2016tik bultzatzen ari den ekimenaren barruan. Zehatz esateko, EHU, Azti, Neiker eta BC3ren arteko lankidetzaren emaitza da txostena, eta helburu nagusia da arro hidrografikoen kudeaketaren ikuspegi integratua eskaintzea, egokitzapen klimatikoaren ikuspegitik. Eta, horretarako, Oka ibaiaren arroan proiektu pilotu erakusle bat garatu dute, zati kontinentala eta estuarioa barne hartuta, lurraldearen egokitzapen hidrologikorako jarraibide zehatzak proposatzeko helburuz.
“Azternalak Urdaibaiko lehorreko eta itsasoko aldeei heldu die. Hurbilketa hori berria da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, lehenago egin diren azterlanek partzialki baino ez baitituzte jorratu esparru horiek. Hala, fluxu- dinamikaren eta materia kontinentetik garraiatzea azterketarekin batera, azterketa paralelo bat egin da estuarioan, Uraren Esparru Zuzentarauan jasotako demarkazio hidrografikoaren kontzeptua bere osotasunean kontuan hartzeko”, azaldu dute ikerlanean. Eta, ikuspegi horri jarraiki, itsas ekarpena eta behe estuarioaren aldaketa morfologikoak (bokalea, hondartza eta delta) ebaluatu dituzte, eta estuario osoko balantze sedimentarioa aztertu dute. “Eredu hori estuarioko elementuen arteko fluxuen orekan oinarritzen da, eta klima-proiekzioen emaitzak eta itsasoaren eta kontinentearen sedimentu- ekarpeneko aldaketak integratzen ditu, eta, gainera, jarduketa antropikoak simula ditzake”, gehitu dute. Ondorioz, azaldu dute azken urteetan estuarioan ikusi diren “aldaketa morfologiko garrantzitsuenak” batez ere 1998 eta 2003 artean Laidako hondartza dragatzeko eta berroneratzeko egindako jarduketei eta lehengoratze-prozesuei zor zaizkiela.
Proiekzioak.
Azterketaren aurkikuntza nagusien artean, proiekzio klimatikoek adierazi dute Oka ibaiaren emaria apurka-apurka jaitsiko dela azken mendean zehar, batez ere udan eta udazkenean, eta horrek baliabide hori “kolokan” jar lezakeela agorraldietan: “Urteko bataz besteko emariak behera egingo du mendean zehar, eta eraginik handiena jasango duten urtaroak uda eta udazkena izango dira —izaten ari da–”.
Gainera, lurzorua galdu eta sedimentuak handituko direla ere erakusten du azterlanak: “Baso kudeaketa intentsiboa, batez ere pinua eta eukaliptoa bezalako espezieekin, higadura eta sedimentuen esportazio handitzea eragiten ari da, uraren kalitateari eraginda”.
Egoera horiei buruzko informazioa emateaz gain, ur bilketak babestu beharra nabarmentzen du txostenak. Proposatzen du Lehentasun Hidrologikoko Espazioak sortzeko beharra eta Urbaso metodologia aplikatzea ur bilketako guneen inguruan babes eremuak mugatzeko, lurzorua kudeatzeko neurri espezifikoak hartuta. Helburua da lurraldea bere funtzionalitate hidrologikotik abiatuta egokitzea: “Ur baliabideen erabilgarritasuna, espazioan eta denboran, kantitatean eta kalitatean bermatzeko lehentasuna izan behar duten lurraldearen zatiak dira Lehentasun Hidrologikoko Espazioak. Eta, horien barruan, ur bilgunearen inguruan, Urbaso metodologia aplikatzea proposatzen da. Asmoa da hiru babes eremu (berezia, tartekoa eta urrunekoa) eta ur bazterreko eremu bat mugatzea, eta horietako bakoitzean erabilera baimenduak, mugak eta kudeaketa lehentasunak ezartzeko”.
Horrez gain, konpentsazio ekonomikorako eskema bat planteatu dute, lurraldearen erregulazio hidrikoa hobetuko duten jardunbide jasangarrien onarpena sustatzeko asmoz. “Urdaibain nagusi den baso-partzelen jabetza-araubidea kontuan harturik, zerbitzu hidrologikoak ordaintzeko eskemak bilatu beharra dago. Alderdi horri garrantzi handia eman zaio proiektu honetan, proposatutako lurralde-neurrien aplikagarritasuna baldintzatzen du-eta”, gehitu dute.
Urdaibai espaziorako proposatzen den zerbitzu hidrologikoak ordaintzeko eskemaren diseinua honako ildo hauetan oinarritzen da: legitimazio arauemaileko prozesu batean, gizarte eragileen artean gobernantzako akordio instituzional eta lurraldea irizpide hidrologikoei jarraituz kudeatzeko estrategia adostu batean; zerbitzu hidrologikoak ordaintzeko izaera ekosistemikoko irizpideak jarraitzen dituen eskema ekonomikoaren kalkuluetan; eta, Urdaibai espazioa osatzen duten alderdi identitario, kultural eta sozioekonomikoak modu inklusiboan, ekitatiboan eta parte-hartzailean txertatuko dituen espazio bat irekitzean.
Urklimak, beraz, klima aldaketarako egokitzapena lurralde eta hidrologiaren plangintzan integratzeko premia azpimarratzen du, eta Bizkai, Araban eta Gipuzkoan “uraren kudeaeta erresilienteago” baterantz aurrera egiteko tresna zehatzak eskaintzen ditu. Hala, datorren urterako aurreikusita zegoen Urdaibaiko Erabilera eta Gestioko Plan Gidariaren berrikuspena proposamen horiek txertatzeko “funtsezko aukera gisa” aurkeztu dute.
Diotenez, txostenak Ihobek ingurumena babesteko eta klima aldaketara egokitzeko hartuta duen “konpromisoa” indartzen du, gobernantza berritzaile eta ezagutza zientifikoan oinarritutakoaren aldeko apustua eginez.