Sukalki zaporez eta herri kirolez jantzitako Maietz Pazko jaiak
Asteburua jai giroz jantzi da Maietz Pazko jaietan. Muxikan atzo hasi zituzten festak, eta Sukarrietatarrek, aldiz, gaur. 18 sukalki aurkeztu dituzte lehiaketara, eta herri kirolez gozatzeko aukera izan dute.

Jaietan murgilduta dabiltza Sukarrietan eta Muxikan, eta Maietz Pazko jaietan bete-betean sartu dira gaur Sukarrietan. Eguraldia lagun, giro bikaina nagusitu da parkean, eta sukarrietatarrak zein inguruko herrietatik hurbildutakoak lagun artean ari dira eguna igarotzen.
Txupina jaurtita abiatu dituzte festak eguerdi partean, baina goizetik hasi dira parkeko txoko guztiak betetzen herritarrak. Izan ere, apurka-apurka joan dira okelaz eta patataz egindako gisatua prestatzeko suak pizten. Gazte zein nagusiak batu dira bertan, eta usain gozoz bete dute ingurua.
Eta, batzuk sukalkiak prestatzen zituzten bitartean, beste batzuek Sukarrietako Abesbatzagaz gozatzeko aukera izan dute, eurak arduratu baitira ingurura festa giroa eta musika eramatez. Gainera, kirolzaleek ere izan dute kirolaz gozatzeko aukera, herri kirolak ikusteko aukera aparta izan baitute Sustabiz Fundazioko kideekin; tamaina, pisu eta forma guztietako harriak altxatu dituzte ikusleen interes eta gozamenerako.
Eta horrela heldu da sukalkiak aurkezteko ordua: 14:00ak. Orduan aurkeztu dituzte goizetik landu dituzten sukalkiak. 18 izan dira aurkeztutakoak, taimana desberdin eta denetariko osagaiez hornitutakoak. Gozo egon dira epaileen iritziz, eta herritarrek egindako lana eskertu dute.
Behin sukalkiak aurkeztuta, horiek probatzeko eta jateko aukera izan dute herri bazkarian. Eta, ostean, haurrentzako jolasak eta musika ere egongo dira.
Bihar, berriz, sardinadan bilduko dira, eta musean onena nor den ere erakutsiko dute Toñan.
Muxikan ere ez dute etenik izango festek. Izan ere, atzo, Sustabizekoen beste erakustaldiaz eta erromeriagaz zein bertsioak eskaintzen zituen Paketes Bomba taldeagaz kantatu ostean, bihar, balkoitik balkoira Onintza Enbeitak eta Koldo Gezuragak botako dituzten bertsoez ere gozatu ahalko dute.







































