"Segi dezagun Palestinaz hitz egiten, segi dezagun genozidioa amaitzeko exijitzen"
Palestinarrei elkartasuna adierazteko, eta genozidioa salatzeko eta ikusarazteko giza katean bildu ziren atzo (ekainak 6) Gernika-Lumon 400 lagun inguru.

Palestinarren egoeraz kezkatuta, eta hango genozidioa salatzeko eta ikusarazteko helburuz, giza katean bildu ziren atzo Gernika-Lumon 400 lagun inguru. Genozidioa amaitzeko exijitu eta Gernikako herria beti Palestinako herriaren ondoan dagoela eta egongo dela aldarrikatu zuten: “Segi dezagun Palestinaz hitz egiten, segi dezagun genozidioa amaitzeko exijitzen, segi dezagun Israelekin harremanak eteten, segi dezagun Gernika Palestinaren ondoan mantentzen”.
Palestinari elkartasuna helarazten jarraitu eta egoera salatzeko “mobilizazioen beharrean sakondu beharra” dagoelako elkartu ziren atzokoan, giza kateak beharrizan horri erantzuten diola zehaztuta: “Palestinaren ondoan egoteari erantzuten dio, genozidioari amaiera ematea aldarrikatzeko”. Izan ere, Euskal Herriak azken 20 hilabeteetan “modu batean edo bestean egoeraren lanketa” egin duela nabarmendu bazuten ere, “orain inoiz baino gehiago” kalean egotearen beharra dagoela aldarrikatu zuten: “Jakin badakigu hilabete askotako mobilizazioak egon direla, modu ezberdinetako ekimenak egin direla, baina iruditzen zaigu oso garrantzitsua dela inoiz baino gehiago aldarriak kalean mantentzea, eta inoiz baino gehaigo adieraztea Palestinaren ondoan gaudela. Horregatik egin dugu gaur horrelako ekitaldi bat. Jendetsua izan da, eta eskertzekoa da hori, ze, adierazten du egoeraren tamainako erantzun bat emateko gaitasuna badaukagula”.
Ondorioz, giza aktibazioa “ezinbestekoa” delako, udan ere ekimen desberdinak egingo dituztela iragarri zuten, “elkartasuna modu askotan” adierazi behar delako: “Palestinaren ondoan azal gaitezen munduaren aurrean”.

































