75 urteko ibilbidea balioan jartzeko hitzordua
75 urtetan Bermeo Futbol Taldearen parte izan diren guztiek egindako lana eskertzeko eta omentzeko eguna izan da gaurkoa Itxas-Ganen. Eta, urteurren jai horretan Imanol Urrutia bazkidea omendu dute, taldearen sortzaileetako bat ere izandakoa.

Familia giroan, aspaldiko lagunen artean eta futbolzaleen inguruan igaro dute goiza Bermeoko Itxas-Ganen. 1950eko uztailaren 31n sortu zen Bermeo Futbol Taldearen —lehen Bermeo Kluba— 75. urteurrena lagunen artean igarotzeko bildu dira bertan, eta hitzordu berezi bezain hunkigarria izan da. Izan ere, aspaldiko lagunak ikusteko aukera izateaz gain, 75 urtetan klubaren parte izan diren guztiek egindako lana balioan jartzeko aukera ere izan da. Horrenbeste urtez bizirik irauteko pertsona askoren beharra “beharrezkoa”izan dela adierazi dute gaur, eta horietako bat izan den Imanol Urrutia bazkideari omenaldia egin diote. Eskertuta eta txalo artean jaso du omenaldia Urrutiak, familia zein lagunen artean.
“Bermeoko Futbol Taldeak 75 urte betetzen ditu, eta uste dut merezi duen garrantzia eman behar zaiola horrelako elkarte batek 75 urte betetzeari. Hala, hori posible izateko lan egin duten pertsonak —zuzendari, presidente, entrenatzaile, jokalari eta bazkideei— eskerrak eman gura dizkiegu”, esan dute gaurko omenaldian. Eta, hain zuzen ere, horien artean dago Urrutia.
Ze, bazkide izateaz gain, 1950ean taldea sortu zenean bera ere sortzaileen artean egon zela jakinarazi dute: “Beraz, inork baino hobeto daki zer den talde hau. Futbol talde bat baino gehiago da, eta berak ondo daki zenbat lan egin behar izan den taldea bizirik mantentzeko. Beraz, ondo merezidutako omenaldia jasoko du”.
Hori esanda, Ander Goienetxea Bermeo Ftko presidentearen eskutik jaso du taldearen oroigarria, eta txalo artean biribildu dute Itxas-Ganen bildutako senide, lagun, bazkide zein futbolariek omenaldia.
Gainera, omenaldia amaituta, Bermeoko Orfeoiak taldearen ereserkia eta beste abesti bat abestu ditu, eta abesbatzaren parte izan da Urrutia ere bai. “Askorentzat ezezaguna da Bermeoko Futbol Taldearen ereserkia, baina Athleticek berea izan aurrekoa da hau, duela urte asko sortutakoa”, adierazi dute omenaldian. Hainbat urtez ahaztuta egon dela gehitu dute, baina herriko abesbatzaren lana eskertu dute: “Izatez, abestia, musika bandarentzat egindakoa da, baina abesbatzekoak berreskuratu eta abesbatza batentzako egokitu egin dute, lan handia eginez. Hori ere garrantzitsua da”.
Horren ostean, jokalari, jokalari ohi, zuzendari, entrenatzaile ohi, zaleak zein Itxas-Ganera bertaratu direnak futbol zelaira jaitsi eta familia argazkia atera dute, urte luzetan oroitzeko modukoa.
Eta, futbol talde baten urteurrena futbolik barik “ezinezkoa” dela sinetsuta, Bermeoko eta Gernika futbol taldeetako beteranoen arteko partidua lehiatu dute Itxas-Ganen, lagun arteko baten tentsio lasaiagaz.
Gaurkoa ez da urteurrenerako prestatu duten ekintza bakarra. Izan ere, hilaren 14ra bitartean ikusgai egongo da Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etatik 21:00etara Bermeo FTren Argazki historikoen erakusketa. Eta, horrez gain, ekainaren 13an Ramon Basaldua kirol kazetari bermeotarrak Historia del Club Bermeo hitzaldia eskainiko du Nestor Basterretxean bertan, 19:00etan hasita.
1950az geroztik
Bermeo Kluba ofizialki 1950ean eratu bazen ere, aurretik ere bazegoen futbol taldea kostaldeko udalerrian: Lagun-Etxea izenekoa, 1926tik 1936ra artean egon zena. Gerora, 1950ean, zale talde batek Bermeo Kluba sortzea erabaki zuen, baina udalerriak futbol-zelai gabe jarraitzen zuen, eta futbolariek Mungiako Basozabalen jokatzen zuten, 1951ko martxoaren 25ean Itxas Gane zelaia inauguratu zuten arte.
Ordutik asko izan dira klubaren titulu eta garaipenak, besteak beste, 1951/1952 denboraldian eskualdeko bigarren mailako txapelketa, 1954/1955 denboraldiko erregional lehenengo mailako txapelketa, 1966/1967 denborldian Bizkaiko kopako txapeldunorde sailkatzea, 1983/1984 denboraldiean gazteen lehen mailara igotzea lortzea edota 2012an hirugarren mailara igoera lortzea. Bermeo Futbol Taldearen inoizko posturik onena 1998/1999 denboraldian eman zen, taldea 2. maila B kategoriara sailkatu baitzen,
Gaur egun talde bermeotarra Lurralde Ohorezko Mailan lehiatzen da, baina saririk garrantzitsuena harrobia dela diote, indartsu dagoela esanda. Izan ere, 525 futbolari igarotzen dira astero Itxas-Ganetik, talde eta adin ezberdinetakoak. Zortzi talde daude federatuta, 200 jokalari hartzen dituztenak: nagusiak, erregiol mailakoak, gazte mailako hiru talde eta kadete mailako beste hiru talde. Eskola adinekoen taldeak 13 dira, 225 futbolarigaz: haur mailako lau talde, kimu mailako bost eta benjamin mailako beste lau. Horrez gain, eskola-kiroleko taldeak ere badaude, 125 neska-mutil biltzen dituztenak.
















































