Maietz Pazko jaien ordua heldu da: Muxika eta Sukarrieta girotuko dituzte
Makailao janagaz eta herri kirolekin abiatuko dituzte jaiak Muxikan bihar. Ohi legez, sukalkia izango da protagonista Sukarrietan, etzi.

Maietz Pazkoen txanda iritsi da, eta jaiak ospatuko dituzte asteburuan Muxikan eta Sukarrietan. Herri txikietan ere jai handiak ospatzen direla erakutsiko dute, beraz, horretarako egitarau zabalak prestatu baitituzte.
Muxikan, Elizalden ospatzen ziren Maietz Pazko jaiak berreskuratu zituzten 2022an —30 urte eta gero—, eta horiekin jarraitzeko apustuak bere horretan dirau. Hala, bihar, 20:00etan txupina botata hasiko dituzte festak, eta, ostean, bakailo jana eta herri kirol erakustaldia izango dituzte aukeran, Sustabizeko kirolarien eskutik. Ez dira kirolean ariko diren bakarrak, izan ere, pultso txapelketa ere egingo dute. Eta, eguna biribiltzeko, erromeriaz eta bertsioak eskaintzen dituen Paketes Bomba taldea entzuteko eta horiekin dantza egin zein abesteko aukera izango dute.
Domekarako, berriz, urtero legez, balkoitik balkoira arteko bertso saioa eskainiko dute Onintza Enbeita eta Koldo Gezuraga bertsolariek.
Sukarrietan ere, ume zein nagusientzako jarduerak izango dituzte, etzi txupina jaurti eta gero. Sukalki lehiaketa izango da etziko protagonista, baina lapikoak prestatu bitartean, Sukarrietako kantaguneko kideak izango dira giroa jarriko dutenak. Gainera, Sustabizekoek Muxikatik Sukarrietarako bidea egingo dute bihar, izan ere, herri kirol parte hartzaileak egongo dira bertan. Indarrak gastatu ostean, indarberritzeko aukera izango dute bazkaritan, eta haurrentzako jolasak eta musika ere egongo dira.
Domekan, berriz, sardinadan bilduko dira, eta musean onena nor den erakutsiko dute Toñan.
EGITARAUA
MUXIKA
Bihar.
19:30. Txupinazoa.
20:00. Makailao jana, eta herri kirol erakustaldia, Sustabiz Fundazioko kideen eskutik.
Ostean. Pultso txapelketa.
21:30. Gauargi erromeria eta Paketes Bomba punk rock bertsio taldea.
Domekan.
12:00. Meza ospakizuna.
13:30. Balkoitik balkoira bertso saioa, Onintza Enbeita eta Koldo Gezuragagaz.
SUKARRIETA
Etzi.
09:00. Txupina.
10:00. XLI. Sukalki lehiaketako izen ematea.
12:00. Sukarrietako kantagunea, kalerik kale.
13:00. Herri kirolak.
14:00. Sukalki txapelketako lapikoen aurkezpena.
15:00. Bazkaria parkean.
17:00. Haurren jokoak parkean.
18:00. KZ Musika taldearen erakustaldia.
Domekan.
12:00. Meza nagusia.
13:00. Trikitixa eta Sukarrietako Kantagunea.
13:30. Sardinada parkean.
17:00. XXIII Mus txapelketa Toña tabernan.