Gautegiz Arteaga, eskualdeko dantzari txikien bilgune
37. Busturialdeko Dantzari Txikien Eguna hartuko du Gautegiz Arteagak, domekan [ekainak 8]. Eskualdeko zortzi taldek parte hartuko dute 12:00etan hasiko den dantza emanaldian.
Eskualdeko 290 dantzari txikik urteroko hitzordua edukiko dute etzi: Gautegiz Arteagak hartuko duen 37. Busturialdeko Dantzari Txikien Eguna. Ohi legez, zortzi dantza taldeko kideak elkartuko ditu jaialdiak: Itxas Alde (Bakio), Urdaibai (Forua), Alkartasuna (Bermeo), Elai Alai (Gernika-Lumo), Baso Txoritxu (Ibarruri), Lorea Dantza Taldea (Ibarrangelu), Irrintzi Alai (Busturia) eta Artie Dantza Taldea (Gautegiz Arteaga). Artie da, Irrintzi Alairen lekukoa hartu eta aurtengo ekitaldia antolatzeaz arduratu den taldea.
11:00etan elkartuko dira Montorre Eskolan, eta 12:00etan kalejirari ekingo diote parkerako ibilaldia eginez —euria baldin bada, frontoira joango dira—. Dantzari dantzako umeek emango diote hasiera ekitaldi nagusiari, agintariena, ezpata txikia, binangoa eta txotxongiloa dantzatuz. Jarraian, agurra eta Bizkaiko zinta dantzaren txanda izango da, eta, aurreko urteetan egin bezala, marmutx, txulalai eta zapatainegaz segituko dute ikuskizuna espero diren 290 dantzariek. Ziegoko dantza eta txantxo dantzagaz jarraituko dute emanaldia. Makil txiki zaharra eta xoxo dantza egin eta gero, gorulari ere dantzatuko dute, Gaztelugatxeko martxagaz amaitzeko.
Dantzari eguna dela eta, Gaztelubide 5. zenbakitik gaztelura doan bidea itxita egongo dela jakinarazi du Gautegiz Arteagako Udalak, eta baimena duten autoak bakarrik igaro ahalko dira.
Nagusiak, udazkenean.
Domekakoa ez da urteko dantza jaialdi handi bakarra izango Gautegiz Arteagan: udazkenean Busturialdeko Nagusien Dantzari Egunaren 25. aldia hartuko dute. Oraindik ez dute data zehaztu.