Zirku tailerrean bildu dira berbalagunak
Euskaraz akrobaziak, klown eta magia egiteko tailerra prestatu zuen atzo [ekainak 3] Bermeoko Berbalagunek Euskal Gunean, eta bederatzi familia bertaratu ziren.

Gurasoek eta seme-alabek elkarrekin euskaraz akrobaziak, klown eta magia egiteko zirku tailerra prestatu zuen atzo [ekainak 3] Bermeoko Berbalagunek, eta bederatzi familia bertaratu ziren Euskal Gunera. Hitzordua “oso puntual” hasi zutela nabarmendu dute antolatzaileek, parte hartzaileek bertaratzeko Urtxintxa Eskolako Estik dena prest zuela nabarmenduta.
Elkar ezagutzeko dinamika batzuk eginda hasi zuten saioa. Jarraian, taldeka banatuta, entrenamenduari ekin zioten, gero bakoitzak bere “jarduera gustukoena” aukeratu eta zirku ikuskizunari hasiera emateko. “Txandaka, guztien trebezia agerian geratu da, eta amaieran txalo zaparrada egon da taldekide guztientzat, aurkezlearentzat eta Estirentzat ere”, azpimarratu dute antolatzaileek.
Talde argazkia aterata, amaitutzat eman zuten tailerra baina antolatzaile eta parte hartzaileak “gehiagorako gogoz” geratu dira, “hurrengo tailerraren zain”. Halaber, zirku-tailerrera hurbildu ziren herritarrei eskerrak eman dizkie antolatzaileek: “Eskerrik asko etorritako guztiei!”.
Ibilaldia, kostaldetik. Zapatuan ere hitzordua eduki zuten berbalagunek, Bermeoko kostaldetik ibilbidea egiteko elkartu baitziren. Taldearen zati bat Lameran elkartu ziren Canonera oinez igotzeko; beste batzuk, ordea, bide hori autobusez egitea erabaki zuten. Denak elkartuta, behe lainoari aurre egin eta Burgoa mendirantz abiatu ziren, Aitor Aberasturiren gidaritzapean: “Burgoa pasatu eta gero, Bakio ikusi genuen, San Pelaiora hurbiltzen ginen seinale”.

Argazkia: Bermeoko Berbalagun
Ermitara iristean hamaiketakoa hartu eta talde argazkia ateratzeko aprobetxatu zuten berbalagunek. Indarrak berreskuratuta, Bermeorako norabidea hartu zuen, Gaztelugatxeko San Juanerantz. Matxitxakora iristean “ikuspegi ederraz” gozatu zutela nabarmendu dute berbalagunek.
Ibilaldia bukatuta, taldekide batzuk elkarrekin bazkaltzea erabaki zuten, “ikasturtea agurtzeko”. Hala ere, urritik aurrera beste ibilbide batzuk proposatuko dituela iragarri dute, “oinez eta euskaraz Bermeo inguruak ezagutzeko”.