Lasterketa bihurtutako ametsaren erradiografia
Bere estreinaldian, Paul Ormaetxea Bilbao gizonezko euskaldunik bizkorrena izan da Zegama-Aizkorrin. Muruetarrak Euskal Selekzioaren koloreekin lehiatu du munduko mendi maratoirik entzutetsuena, eta hamahirugarrena izan da. Zapatu honetan [ekainak 7], Skyrace Gorges du Tarn proban ariko da, berriro ere selekzioagaz eta berriro ere munduko onenen aurka.

Halakoxeak ei dira ametsak: beti ez dira erraz; beti ez dira samur; beti ez dira posible. Paul Ormaetxea Bilbaorena erresilientzia istorioa da nonbait. Txirrindularitzatik mendi lasterketetara jauzia egin ostean, sekula ez da bizkorrena izan, distiratsuena ere ez, ezta sendoena ere. Baina beti egon izan da egon behar den lekuan, lehian: erregulartasuna sari duten mendi korrikalari horietakoa da. Egun txarrik gabekoa, segurua, langilea. Eta lanak fruituak dakartza.
Muruetarrak nekez imajina zezakeen munduko mendi maratoirik entzutetsuenean, Zegama-Aizkorrin, gizonezko lehen euskalduna izango zenik. Ametsek kapritxotik ere asko dute. Hamahirugarrena izan zen mendi lasterketen plazarik ospetsuenaren helmugan, Euskal Selekzioaren kolore berdea soinean. Lorpena “barneratzen” eman ditu azken egunak. Oraindik bere burua “erreferente” diren lasterkarien korrika oroitzen du; izan Aratzeko malda pikoetan, izan Urbiako belardi zabaletan.
“Neure esku zegoen den-dena egin dut, Zegama-Aizkorrira ahalik eta mailarik onenean iristeko”
Malagako Calamorro Skyrace lasterketan, muruetarra begiz jo zuten selekzioko arduradunek; bigarren euskalduna izan zen han. Etxeko lasterketarik erraldoiena etxeko selekzioagaz lehiatzea “oparia” izan da; postua, ostera, ez. Ormaetxeak emaitza azpimarragarriak lortu ditu urte osoan zehar. Behar gogorraren ordainsaria. “Neure esku zegoen den-dena egin dut, Zegama-Aizkorrira ahalik eta mailarik onenean iristeko. Alde horretatik, lanak dakarren lasaitasuna nuen; gainontzekoa berdin zitzaidan”.

Argazkia: Lasterketak.eus
Maratoiaren aurreko asteburuan, Txindokiko Kilometro Bertikalean bosgarrena izan zen; biharamunean, nahieran irabazi zuen Gernika-Lumoko Mendi Jaia. Eraikinaren oinarria, behintzat, egonkorra zen. Hori bai, proba horien hala distantzia, nola desnibel metatua bestelakoak ziren. Mendi maratoi batek beti “errespetu puntutxo bat” ematen duela dio Ormaetxeak. Horrelaxe azaldu zen maiatzaren 25eko goiz eguzkitsu batez Zegamako plazan: errespetuz, “baina beldurrik gabe”.
“Kilometroek aurrera egin ahala, harri bakoitza non dagoen jakiteak aldea egin dezake”
Lehen maldekin batera, lehen postuak harrapatu zituen muruetarrak. Gogoratzeko moduko irteera izan zen. “Hain bizkor irtenda, askok galdetu didate hura larregi arriskatzea ez ote zen, ea lehertzeko beldurrik ez ote nuen; ez dakitena da lehen zati hartan oraindik beste martxa bi gehiago nituela hanketan”. Estreinako parte hartzea izan arren, erreferentzia puntuak ondo ikasiak zituen Ormaetxeak: “Ibilbidea baten baino gehiagotan ikuskatu nuen, zatika banatuta, baina dena egun bakarrean egitea beste kontu bat da. Lasterketan kargutu nintzen txoko oro ondo ezagutzeak duen esanguraz; kilometroek aurrera egin ahala, harri bakoitza non dagoen jakiteak aldea egin dezake”.
Ez dago miraririk.
Badira bizitza osoan Zegama-Aizkorrin parte hartzeagaz amesten dutenak; gutxiago dira amaitzen dutenak; are gutxiago, lanak denbora lehiakorragaz biribiltzen dituztenak. Helmuga harrapatzen duen lehen sailkatutik azkenekora arte, denek merezi dute erabateko errespetua. Bereziki, atleta profesionalak ez direnek. Ormaetxea eta mendiaren arteko erlazioak zerikusi gutxi du markekin edota kontratu sinatzeekin. Ofizioa barik, afizioa du: “Nire ogibideaz eta bizitzaz harago, on egiten dit mendiak; egunari entrenatzeko minutuak zukutzen dizkion kirolari autodidakta horietako bat naiz. Ez dut ez prestatzailerik, ez nutrizionistarik, ezta ordezkaririk ere”. Presio ez horrek, hein handi batean, “lagundu” egin dio: “Ez dut osasuntsutzat jotzen burua egun osoan errendimenduari erreparatzen edukitzea; egun dudan bizitza ez nuke aldatuko“.
“Sancti Spirituko aldapa gogorra oilo ipurdiz igo nuen: hanketako mina ahaztuta, guztiz hunkituta”
Minutuak zukutzeaz gain, Ormaetxeak zeharo zukutu zuena Aratzeko igoera bortitza izan zen. Haren ostean iritsi zen inoizko mendizale uriola handienetakoa bildu zuen epizentrora: Sancti Spiritu baselizako maldara. Koska haren tontorrean, ez zuen egoera makalik: aurretik zuen Alain Santamaria; atzetik, Manuel Merillas. Izar artean zegoen muruetarra, baina biak amatatu zituen helmugan. “Bai Sancti Spiritun, bai Aizkorrin, izugarrizko jendetza zegoen. Tarteka, neure izena entzuten nuen, ikurrinen eta aurpegien artean. Aldapa gogorra oilo ipurdiz igo nuen: hanketako mina ahaztuta, guztiz hunkituta”.

Argazkia: Lasterketak.eus
Zuri guztiak ez dira irinak, ezta beltz denak ikatzak. Zegama-Aizkorrik krisialdiren bat edo beste ere utzi zion selekziokideari: “Aizkorriko gailurreria gogorra izan zen, baina Urbiarako jaitsieraz oroitzen naiz. Jaitsiera tekniko hura luze egin zitzaidan, eta Urbiara leher eginda iritsi nintzen”. Urbiako ordokian, gainera, zaleen berotasuna eguzkiarenak ordezkatu zuen: “Inguru horretan, eguzkiak ondo jotzen duenean, bero handia egin dezake”. Ez hori bakarrik: “Zegama-Aizkorriko azken 15 kilometroak korrika egiteko aproposak dira, baina horretarako indarrez iritsi behar da bertara. Gogoan ditudan 15 kilometro luzeenetakoak izan ziren”.
Zifren zintzotasunaz.
Zenbakiek ez diote gezurrik. Zenbakiak lasterketaren ispilua dira. Helmugan, 04.04.27ko denboran gelditu zuen erlojua. Lau orduen langa, bere lehen parte hartzean, doi-doi gaindituta. Gizonezkoen garaileak, Elhousine Elazzaoui marokoarrak, 21 minutuko arrakala besterik ez zion urratu; emakumezkoen txapeldun Sara Alonso donostiarrarekiko, aldiz, 23 minutuko zuloa zabaldu zuen Ormaetxeak. Zegamako plazan, dena zen zoramen eta leherketa: “Sinistu ezinik helmugaratu nintzen. Gainera, bertan zain nituen senide eta lagunak”.
Aurtengo erakustaldiagaz datozen bi ekitaldietarako txartela poltsikoratuta, muruetarrak ez du zalantzarik: “Izan kirol helburuekin edo gozamen hutsez, beti itzuliko naiz Zegama-Aizkorrira. Euskal Herriko edozein mendi korrikalariren gailurra da”. Presio kontuez, baina, ez du deus jakin gura: “Presio bakarra nik neuk nire buruari ezartzen diodana da. Aurtengo denbora hobetzea, egiteko nekeza izanik ere, helburu polita izan daiteke. Edozelan ere, lortuko ez banu, ez nuke porrot modura ulertuko”.
“Zegaman irteera hartzeko puntuan zegoen Paul hari hoberen egiten dakiena egiteko eskatuko nioke: gozatzeko. Lasai egoteko, dena ondo joango baita”
Atsedenerako tarte barik.
Zenbaki bat kenduta, elastikoan beste bat jartzeko prest dago Zegama-Aizkorriko gizonezko euskaldunik onena. Zapatuan [ekainak 7], Skyrace Gorges du Tarn proba lehiatuko du selekzioagaz, Sainte-Enimien, Frantzian. Menua arroila arteko 25 kilometroko eta 1.900 metroko desnibeldun ibilbideak osatuko du: “Lasterketa eta inguru politak dirudite; gozatzera aterako gara”. Ondoren, uda sasoian, ezpata gordeko du Ormaetxeak, iraila nahiz urria heltzeagaz batera berriz borrokarako prest egoteko: “Ez dakit zehazki non lehiatuko dudan, baina irteera lerroetan egongo naiz, han edo hemen izanik ere”.

Argazkia: Lasterketak.eus
Gaur egun hamahirugarren postua patrikan duen muruetarrak ez du zalantzarik egin, Zegama-Aizkorriko irteera hartzeko puntuan zegoen hari zer esango liokeen galdetzerakoan: “Hoberen egiten dakiena egiteko eskatuko nioke: gozatzeko. Lasai egoteko, dena ondo joango baita”.
Eta dena ondo joan zen. Ze, halakoxeak ei dira ametsak: beti ez dira erraz; beti ez dira samur; beti ez dira posible. Baina Zegama-Aizkorrikoa posible izan zen. Ametsak gorpuzteko sortuak ere baitira.