Jon Gurrutxaga da Argi Baltza sariketako lehen finalista
189 puntu lortuta gailendu da Jon Gurrutxaga bertsolaria Mendatan egin duten lehenengo kanporaketan, finalerako sailkapena lortuz. Bigarren saioa domekan [ekainak 8] lehiatuko dute, Ajangizko udal pilotalekuan.

Bertsozaleek Mendata izan zuten topaleku domekan [ekainak 1]. Izan ere, Elizoste Aretoa izan zuten eszenatoki Lurdes Ondaro, Beñat Bilbao, Koldo Muñiz, Araitz Katarain, Jon Gurrutxaga eta Idoia Granizo bertsolariek, laugarren Argi Baltza bertsolari gazteen sariketako lehen kanporaketan. Guzti horien artean Gurrutxaga izan zen onena.
189 puntu poltsikotaratuta azpeitiarra ekainaren 21ean [zapatua] Muxikan lehiatuko den finalera sailkatu da. Izan ere, hiru kanporaketetako irabazleek hitzordu handirako zuzeneko txartela eskuratuko dute, eta gainontzeko hiru finalistak puntuazioen arabera erabakiko dira.
Irabazleak baino bederatzi puntu gutxiago lortu zituen Katarain mallabitarrak (180 puntu), Mendatako kanporaketako bigarren sailkatuak. 178 puntu jaso zituen Bilbao bertsolari gernika-lumotarrak, eta berak baino puntu bi gutxiago Ondarok. Muñiz ibarrangelutarra bosgarren sailkatu zen, Ondaro munitibartarrak baino puntu bat gutxiagoko eskuratuta: 175. Granizo altsasuarrak, bestalde, 166,5 puntuko puntuazioa jaso zuen.
Lehen kanporaketan Ibai Amillategi aritu zen gai-jartzaile lanetan; epaimahaia, berriz, Ander Arrien, Beñat Romero eta Mirari Azulak osatu zuten.

Argazkia: Lilibertso
Antolatzaileek lehen kanporaketaren balorazio “ona” egin dute, Elizosten sortutako giroa eta bertsolariek eskainitako “saio polita” nabarmenduta. Era berean, Mendatan elkartu ziren 30 bat lagunei eskerrak eman dizkie bat egiteagatik: ” Eskerrik asko hurbildu zareten denori, zuek barik hau ez zen eta posible izango”.
Bigarrena, Ajangizen. Haria eten barik, domekan [ekainak] lehiatuko da Argi Baltzako bigarren kanporaketa, Ajangizko udal pilotalekuan, 18:00etan hasita. Oraingo honetan Asier Galarza muxikarra, Janire Arrizabalaga gernika-lumotarra, Alexander Idoeta ondarrutarra, Ixone Asategi durangarra, Aitor Bizkarra abadiñarra eta Danel Herrarte aramaioarra arituko dira kantuan, eta antolatzaileek bertaratzeko deia egin dute: “Jarrai dezagun gure ekaineko domeketako planagaz, eta inoiz hurbildu ez bazara be, hurbildu!”.