Ingurumen-garbiketa, plastiko bidezko kutsadurari aurre egiteko
Ekoetxea Sareak ‘Let´s Clean Up Euskadi’ kanpainagaz bat egin, eta talde garbiketa deitu du zapatuan [ekainak 7], Ingurumenaren Mundu Egunean.

Ekoetxea Sareak Let´s Clean Europe! dinamikaren barruan kokatzen den Let´s Clean Up Euskadi ingurumen-garbiketa kanpainagaz bat egin du, eta planetako bazter guztietara zabaltzen ari den plastiko bidezko kutsadura den erronka globalari aurre egiteko ekimena antolatu du Ekoetxea Urdaibaik zapatu honetarako, Ingurumenaren Mundu Egunean. Busturiko San Kristobal padura eta Muruetako Teileriako hondakinak bilduko dituzte.
Plastikoek eragindakoa «eskala globaleko ingurumen krisia» dela nabarmendu dute, ekosistemei, giza osasunari eta ekonomiari eragiten diena. Izan ere, urtero 8 eta 10 milioi tona plastiko inguruk itsasoan bukatzen dute, itsas bizitzari zuzenean eraginez. Gainera, mikroplastikoak egunerokotasuneko «kontsumorako produktuetan» ere detektatu dira, esaterako, botilako zein iturriko uran, mahaiko gatzean zein arrain eta itsaskietan. Horregatik, Ekoetxeatik «ekintzetara pasatzeko unea» dela uste dutenez, zapatuko garbiketagaz bat egiteko eskatu dute.
Jardunaldia ongietorria eginez eta akreditazio eta ekipamendua banatuz hasiko dute, 10:30ean, Ekoetxea Urdaibain bertan. Jarraian, antolatzaileek dagozkien azalpenak emango dituzte, bidea hartu eta bi orduko garbiketagaz hasi aurretik. 13:30ean, garbiketa amaitutzat eman, eta bildutako hondakinen kontaketa eta talde argazkia aterako dituzte, luntxean bildu aurretik.
Parte hartzaileentzat esperientzia «perfektua» izan dadin, antolatzaileek gomendio batzuk luzatu dituzte: arropa erosoa eramatea, eguzki-babesa ez ahaztea eta ura eta janari arina eramatea, ahal den neurrian plastiko ontziak saihestuz.
Garbiketa herritar orori zabalduta dago, eta Ekoetxeatik bertaratzeko deia egin dute: «Zatoz eta mugitu, hausnartu eta egin bat, hondakinik gabeko mundu baten alde». Doako jardunaldia bada ere, aurretik Ekoetxearen webgunean izena eman beharra dagoela ere gogoratu dute.