Bertso Ardatz, gaitasun kognitiboak sustatzeko
Xabier Amuriza eta Sebastian Lizaso Bermeoko udal egoitzan izan dira, Bertso Ardatz ekimenaren barruan.

Iaz izandako «harrera ona» ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak jarraipena eman dio Bertso Ardatz egitasmoari. Kultur ekimena da Bertso Ardatz, bertsoaren bitartez «egoiliarren memoria, adierazpen emozionala eta gaitasun kognitiboak sustatzea» bilatzen duena. Ekimenak hamabi egoitza zeharkatuko ditu guztira, eta Bermeoko Sancti Spiritus izan du geraleku gaur [ekainak 4]. Maiatzaren erdialdean Gernika-Lumon ere egin zuten saioa.
Saioetan, bertsolariek eta egoiliarrek «oroitzapenak eta bizipenak partekatzen» dituztela nabarmendu dute aldunditik, «giro hurbila eta parte-hartzailea» sortuz. Bermeoko Udalak baieztapen horregaz bat egin du, Xabier Amuriza eta Sebastian Lizasok udal egoitza «umorez eta jakinduriaz» bete zutela nabarmenduta: «Egoiliarrak adi, irribarretsu eta parte hartzaile egon dira».
Izan ere, egoiliarrei «saio pertsonalizatuagoak eta esanguratsuagoak» eskaintzeko, aurretik egoitzetako dinamizatzaileek adineko pertsonekin batera lan egiten dute, horien gustuak eta lehentasunak identifikatzeko» eta gero informazioa bertsolariei eskaintzeko. Udal ordezkariek eskerrak eman dizkiete antolatzaileei, bertsolariei eta egoitzako langile guztiei, «ekimena posible egiteagatik».
Proiektuaren arduradunek nabarmendu bezala, Bertso Ardatzen onurak «entretenimendutik harago doaz». Izan ere, jarduera horrek bizi-kalitatea eta osasun mentala hobetzen laguntzen du, baita bakardadeari eta depresioari aurre egiten ere, umorearen, artearen eta interakzioaren bidez. Horrez gainera, kideen arteko elkarrizketa sustatzen du, eta bizipenak partekatzeko eta komunitate-sentimendua indartzeko espazioak sortzen dira: «Proiektuaren helburua da adinekoak euskal kulturaren protagonista aktibo bihurtzea, eta, horretarako, kultura-esparruan duten zeregina indartzea, emozionalki aberasgarria den ondo pasatzeko eta parte hartzeko jarduera baten bidez».
Hurrengo geralekuak. Ondarroako Artibai egoitzako egoiliarrek ere izango dute bertso doinuez gozatzeko aukera, ekainaren 9an. Xabat Galletebeitia eta Irune Basagoiti bertsolariak bertaratuko dira. Markina-xemeindarrek, berriz, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekuerekin dute zita, uztailaren 7an, ekimenaren azken bertso saioan.

Argazkia: Bermeoko Udala.