Ane Olaetak etxean Lointek Gernika Bizkaian jarraituko du
Gernikarrak datorren denboraldirako kontratua sinatu du, eta pozik dago etxean jokatzen jarraitzeko erabakia hartu izanagaz.

Ane Olaetak Lointek Gernika Bizkaian jarraituko du beste denboraldi batez. Gernikarrak datorren denboraldirako kontratua sinatu du, eta pozik dago etxean jokatzen jarraitzeko erabakia hartu izanagaz: “Beste urte batez berritu dut, eta oso pozik nago hartutako erabaki honekin. Izan ere, ni oso gustora egon naiz azken denboraldi honetan, etxekoengandik zein lagunengandik gertu, eta horrek asko laguntzen dit mentalki”.
Lointek Gernikako harrobian hazi eta hezitakoa da Olaeta, 2016/2017 denboraldian Emakumezkoen Endesa Ligan elastiko granatea jantzita debutatu zuena. Gero, Amerikako Estatu Batuetara joan zen ikastera, eta CBU Unibertsitateko taldean aritu zen. Profesionaltasunerako jauzia Duran Maquinaria Ensinon egin zuen, eta iaz etxeko bidea hartu zuen. Hala, iaz, Malosten, partiduko 5,5 puntuko eta 2,2 asistentziako bataz bestekoa lortu zuen.
Malosten jokatzea “berezia” dela dio joko antolatzaileak: “Zazpi urte eta gero Malostera bueltatzea garrantzitsua izan zen nire ibilbide profesionalerako, eta berton jarraitu nahi dut”.
Oraindik hurrengo denboraldirako taldea osatzen ari dira arduradunak, eta, ondorioz, denboraldiko erronkak denboraldi hasieran ezarri beharko dituztela onartu du Olaetak. Baina, “iazkoa baino hobea” izatea espero du. Pertsonalki, gainera, “taldeak behar duena eskaintzeko” prest agertu da: “Gitxinaka-gitxinaka hobetzen joatea da nire helburuetako bat”.
Olaetaz gain, Laura Westerik eta Angela Salvadores ariko dira Gernika-Lumoko taldean.