Alexander Mirandonaren artikulua, saridun
Alexander Mirandona Olaeta gernika-lumotarrak IkerGazte kongresuko Zientziak eta Natura Zientziak atalean saria jaso du, 'Elektrolito solido hibrido berriak: sare metal-organiko eta likido ionikoen konbinazioa litio eta sodio baterientzat' proiektuari esker.
UEUk antolaturiko IkerGazte kongresuak 250 ikertzaile gazte elkartu zituen, iragan asteko eguaztenetik barikura bitartean, bere seigarren ekitaldian, eta haietako 151k aurkeztu zuten beraien proiektua. UEUko antolatzaileak “oso pozarren” agertu dira aldi horrek edukitako parte hartzeagaz eta mailagaz. Azaldu dutenaren arabera, ikertzaileek “elkar ezagutzeko eta akademiatik kanpoko ekintzak egiteko” plaza izan da aurtengoa. Ez hori bakarrik: artikulurik onena saritu egin dituzte. Sari horietako bat, Zientziak eta Natura Zientziak atalekoa, Alexander Mirandona Olaeta gernika-lumotarrak irabazi du.
Mirandonak Elektrolito solido hibrido berriak: sare metal-organiko eta likido ionikoen konbinazioa litio eta sodio baterientzat izeneko artikulua plazaratu du, eta horrek jaso du saria. Antolakuntzak, oro har, “kalitate handiko lanak” jaso dituztela azpimarratu du: “Kongresua erreferentzia bihurtu da ikertzaile euskaldunentzat, eta aurkeztutako edukiak kalitate benetan handikoak izan dira, baita egindako aurkezpenak ere”. Era berean, urte bi barru ikertzaileekin “berriro topo egitea” espero dute.
IkerGazteren jomuga nagusia euskal komunitate zientifiko-intelektuala trikotzea izanik, gernika-lumotarraren proposamenak bete-betean bat egin du ekimenagaz. Mirandonaz gain, beste ikertzaile batzuen jarduna ere saritua izan da: Elena Casiriain Iturriria Giza Zientziak eta Artea kategorian gailendu da, Mugalur proiektua: mugaldeetako bizipenak eta mugaren iruditegiak Euskal Herrian artikuluari esker; Idoia Landa Reza, Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea atalean, Borondate Digitala artikuluari esker; Osasun Zientzietan, Ane Amundarain Iraola izan da saritua, Aptameroak Mieloma Anizkoitzaren aurkako RNA-n oinarritutako terapien garapenerako, artikuluari esker; Ingeniaritza eta Arkitektura kategoria Jaione Bengoetxea Azurmendik irabazi du, Euskara eta gaztelaniazko kontra-narratiben sorkuntza: datuen sorrera eta ebaluazioa artikuluari esker.
Bestalde, Naia Begiristain Etxezarretak Euskal Herriko garapenean eragin handiena duen ikerketari dagokion saria jaso zuen Udalbiltzaren eskutik, Dialogoko hirugarren subjektua: herri politikak ko-sortzeko prozesuak demokratizatzeko marko kontzeptuala artikuluagatik. UEUk, halaber, mikroaurkezpenik onenak ere omendu zituen: Nora Santos Loiola eta Belvís de Monroy granito-pegmatita sistemaren karakterizazioa eta zeresana Mazizo Iberiarreko elementu arraroen esplorazioan mikroaurkezpena, batetik; bestetik, Izaro Solozabal Azkarate eta Burdinazko nanoimanak: konfigurazio magnetikoa eta biomedikuntza-aplikazioetarako potentziala.