Mundakako Bisonteek Bizkaiko Traineru Txapelketa irabazi dute etxean
Bizkaiko Traineru Txapelketa lehiatu dute Mundakan, eta etxeko taldeak irabazi du beteranoen arteko lehia. Gizonezkoen absolutu kategorian, Bermeo bigarren sailkatu da eta Busturialdea hamargarren. Euskadiko Traineru Txapelketa domeka honetan lehiatuko dute Bermeon.

Mundakan jokatu zuten Bizkaiko Traineru Txapelketa, atzo [ekainak 1] eta beteranoetan etxeko taldea izan zen onena. Ondarroa Arraun Taldeak lortu zuen garaipena emakumezkoen absolutu kategorian eta Zierbenak gizonezkoetan.
Mundakako Bisonteak 10:25,52ko denboragaz nagusitu ziren, eta Getxok eta Bilboko Beteranoen taldeak itxi zuten podiuma; lehenengoak zortzi segundoko tarteagaz, eta bigarrenak hamazazpi segundo eta 32 ehuneko aldeagaz.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Absolutu kategoriako gizonezkoen lehian, Bermeo txapeldunorde geratu zen, eta Isuntza laugarren. Ondorioz, bi horiek ere Euskadiko Traineru Txapelketarako sailkatu dira; domeka honetan [ekainak 8] Bermeon lehiatuko dute.
Zierbena 20:00,01 denboragaz gailendu zen, eta atzetik jarraitu zion Bermeok [20:07,88]. Hirugarren postua eskuratu zuen Itsasoko Amak [20:17,33], eta Isuntzak berriz, laugarrena, 20:21,89ko markagailuaz. Busturialdeak hamargarren amaitu zuen.
Ondarroako neskak 11 minutu, 9 segundo eta 7 ehunenegaz heldu ziren helmugara. Atzetik, bost segundotara sartu zen Kaiku, eta hirugarren postuan gelditu zen Portugalete.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak