Gazte Asanblada jaio da Ibarrangelun eta Elantxoben
Ibarrangelun eta Elantxoben euskararen erabilera, gazteen saretzea eta eskaintza kulturala hauspotu asmoz, Ibarrangeluko eta Elantxobeko Gazte Asanblada sortu dute. Lehen bilera irekia egin ostean, helburu nagusien lanketa abiatu dute.
Ibarrangeluko eta Elantxobeko gazteek elkartzeko hautua egin dute, eta Ibarrangeluko eta Elantxobeko Gazte Asanblada sortu dute. Herrian, batez ere uda sasoian, “aisialdirako eta biltzeko eskaintza falta” sumatu dute gazteek, eta egoera hori irauli asmoz jaio da beren egitasmoa. Hilaren 1ean egin zuten lehendabiziko bilera irekia; “ederto” joan zela adierazi dute. Lehen helburuen artean, logoa sortzeaz gain, udan gazte eguna prestatzea dute: “Oraindik ezer zehaztu barik dago, baina Foruko eta Gernika-Lumoko jaien artean egun berezi bat prestatzea dugu buruan, alegia, abuztuaren hasiera aldean”.
Talde berezia da sendotze bidean dagoena: anitza, koloretsua eta zabala. Izan ere, urte osoa udalerriotan ematen duten herritarrez gain, uda aldian bertaratzen direnek ere osatzen dute”. Era berean, beraien oinarri nagusia zein den ere zehaztu dute parte hartzaileek: hizkuntza. “Euskara geure funtzionamendurako lanabesa izan dadila gura dugu eta, horrenbestez, geure lanketa dena euskara hutsean egiteko hautua daukagu”. Kuadrilla nuklearren ohiko dinamiketatik ihes egingo du talde horrek, partaideak “genero, adin, gustu, jatorri edota lagunarteak aintzat izan barik” nahastuko baititu, “denak elkarlanean aritu ahal izateko”.
Aipatutako gazte egunaz gain, bestelako egitasmoetan behar egitea ere ortzimugan dute. Hain zuzen, Ibarrangelun udako kirol lehiaketak prestatzea baloratzen ari dira: “Herrian kirol txapelketek pisu nabarmena eduki ohi dute udan; guri horietan parte hartzea gustatuko litzaiguke, baita guk geuk baten bat atontzea ere. Oraindik ez dago ezer guztiz zehaztuta, ez dakigu aurtengo udarako sasoiz ibiliko garen, baina prestutasuna eta motibazioa, behintzat, erabatekoak ditugu”.
“Ibarrangelu eta Elantxobe elkarrengandik oso hurre daude, eta horietako gazteen bizimodua nahikoa paraleloa da”
Herri bietako gazteria biltzeko ideiari dagokionez, “hurbiltasun geografikoa” dute ardatz: “Herri biak elkarrengandik oso hurre daude, eta horietako gazteen bizimodua nahikoa paraleloa da. Gaur-gaurkoz, ibarrangelutarrak gehiago dira asanbladan, baina badira elantxobetarrak ere, eta taldeak, hortaz, herri biak kontuan edukiko ditu”. Bestalde, oraindik “lanketa bidean” egonagatik ere, beraien militantzia eta beharra artera eroateko asmoa dute: “Ibarrangelun eta Elantxoben mural bana egin nahi dugu. Mural horiek euskaragaz eta gazteok antolatzen ari garen ekimenekin erlazionatutako tematikak edukiko lituzkete, baina kontzeptu jakinak oraindik ez ditugu zehaztu”.
Espazio propioen bila.
Lantzen ari diren beste alor bat Madalen Egunagaz erlazionatuta dago. Sumatu dute herriko gazteek, Elantxobeko “eguneko planaren ondoren”, ez dutela gaueko eskaintzarik edukitzen, eta horri buelta emateko jomuga dute. “Berez, Madalen Egun osteko plan hori tokiko herritarrentzat prestatzen ari gara espreski, egun berezi horretan kanpoko hainbat eta hainbat jende egoten den arren. Garrantzitsua da herriko gazteek beraien espazio propioa edukitzea, are gehiago, beraientzat seinalatua den egun horretan”.
“Aurtengo mendi martxa, agian, herrirako bakarrik mugatu beharko dugu, baina gure asmoa da aurrerantzean lehengoaren pareko martxa izatea”
Mendi martxa ere berreskuratu nahi dute Ibarrangelun: “Belaunaldi txandapasa eza tarteko, duela zenbait urtetatik, mendi martxaren antolakuntza lantaldean ez da motibaziorik egon hura antolatzen segitzeko, eta, hala, egitasmo horri berriro heltzea polita litzateke. Lehen saiakeran, beharbada, ez dugu lehengoa bezalako mendi martxa izaterik lortuko; agian, herrirako bakarrik mugatu beharko dugu. Dena dela, gure asmoa da aurrerantzean lehengoaren pareko martxa izatea, eta horretarako lan egingo dugu”. Apurka-apurka behar egin nahi dute, presarik gabe, indarrik gehienak Gazte Egunaren antolakuntzan ipinita. “Gainontzeko proiektuei pixkanaka-pixkanaka helduko diegu, gauzak ahal besteko txukunen eginez; uztail hasieran bigarren bilera irekia egingo dugu, datozen urratsak zehazte aldera”, argitu dute.