Baserriko kultura zabaldu asmoz
Baserritarren Eguna ospatzen ari dira gaur [maiatzak 31] ereñarrak. Azokak denetariko eskaintza bildu du, herritarren gozamenerako.
Folkloretik egunerokotasunera jauzia egin dute gaur [maiatzak 31] ereñarrek. Baserri mundua herritartu du Baserritarren Egunak. Azoka izan da eguneko protagonista lagusia, Elizalde ingurua denetariko usain, zapore eta kolorez jantzi baitute. Lehen ordutik, erantzun polita eman diote herritarrek Baserritarren Egunari, eta azokaguneko postuetan hainbat kuxkuxero ibili dira, horietako bakoitzean zer topatuko. Busturialdeko produktuak izan dira nagusi, tokikoak eta sasoikoak, baina baita urrunagotik bertaraturiko ekoizle nahiz artisauenak ere, batik bat, Lea-Artibaitik hurreraturikoenak.
Eguneko gailurretako bat inguruko txakolindegiekin eginiko dastaketa izan da. Ahoak doitu dituzte ereñarrek zein bisitariek, txakolin mota bakoitzaren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko. Txakolina tripa hutsik hartzea arriskutsua izan ohi denez, baina, eduki dute zer jan azokagunean. Eskaintza gastronomikoa gailendu da gaurkoan. Besteren artean, ortuariak, frutak, ogia, gozokiak, gaztak, esnekiak, kontserbak edota ardoak egon dira salgai. Hori bai, jende dezente bildu dute bai ehungintza, bai bitxigintza produktuen eta osagarrien postuek ere.
Urtero legez, elizpean talo postua ipini dute, eta herriko emakumeek txorizozko edota hirugiharrezko talo ederrak saltzen eman dute eguerdi aldea, jo eta su lanean. Postuak jende ilara esanguratsua eduki du nonahi, jan-edana euskaldunen jai eta azoka egitarauetako tontor den zantzu. Beste ekitaldi batez, Baserritarren Eguna, zerbait izatekotan, toki-tokikoa eta arrakastatsua izan da.



































