269 arrazoi, oroimena lantzen jarraitzeko
Pipergorri Elkarteak antolatuta, 269 In Memoriam omenaldia egin dute gaur [maiatzak 31] Zallo hilerrian. Gernikako ospitale militarrean 1938 eta 1940 urteen artean zendutako 269 preso errepublikarrak omendu dituzte ekitaldi hunkigarrian; bertan egon dira, besteren artean, hildakoen senideak.
Entzungor eta itsu den herriak nekez du ikasiko. Atzera begiratzen ez duen herriak nekez du aurrean duena ikusiko. Pipergorri Elkarteak antolatuta, Gernikako Gerra Ospitalean 1938tik 1940ra artean hildako preso errebublikarrei omenaldia egin diete gaur [maiatzak 31], Zalloko hilerrian. Urtero modura, oroimenerako eta hunkidurarako ekimena izan da aurtengo, baina hunkidura hori are gehiago hauspotu du asteon jazotako gertakari batek: aste honetan hil da ospitale hartan egondako Lluis Xiberta Puig preso kataluniarra, eta bere Hernandez Xiberta familiak, gaurko ekimena orduko, lore bi utzi ditu presoen gomutarako monumentuan.
Ez hori bakarrik: preso egondako zenbaiten senideak ere agerraldian egon dira, eta beraien bizipenak bertatik bertara kontatu dituzte. Ekimena Segundo Olaeta Musika Eskolako partaideek abiatu dute Riegoren Ereserkia joz. Jarraian, Pipergorriko kide Amagoia Lopez de Larruzeak eta Jose Mari Sahelicesek hartu dute berba. Gernika-Lumoko urigunea memorialeku izendatu baldin badute, are esangura intentsoagoa dauka gaurko plazak. Izan ere, elkartekideek azpimarratu dute, gaurko omenaldiagaz, Pipergorrik memorialaren egitekoa “betetzat” jotzen duela: “Zallo erreferentziazko lekua da, loreak uzteko, joandakoen akordua edukitzeko eta in memoriam hori barru-barrutik sentitzeko”.
Senideen testigantzak izan dira agerraldiaren gailurretako bat. Lehendabizikoak Ildefonso Navas Velascoren sendia izan da. Senideek Navaleko jornalari izandakoaren errepublikarraren oroimenean sakondu gura izan dute. Hain zuzen, beren aitaitari buruzko informazio eza argiz jantzi zuen Pipergorrik: “Elkartearen deia jaso orduko, ezer gutxi genekien hari pasatutakoari buruz. Pipergorrik egindako ikerketa lanari esker jakin ahal izan genuen aitaita Lekeitioko frontean borrokan ibili zela, bere emazteagaz itzuli ostean Larrinagako kartzelara eroan zutela eta, Deustuko kontzentrazio esparrutik igaro ostean, Gernikako Ospitale Militarrean hil zela, bakardadean”.
Bigarren parte hartzea Martin Gabika-Aldekoa Idarraga nabarniztarraren senideena izan da. Bere senideek azaldu dutenez, hura “etxetik urrun” ibili zen gerrak iraun artean, baina azkenean bere sorterri Nabarnizen hartu zuen lurrak. Ariztimuño bataloiko gudari izandakoa Logroño, Burgos edota Deustuko kartzeletatik igaro zen, Gallartako minetara eroan zuten arte. Senideek Gallartatik idatzitako gutunak plazaratu dituzte: “Hango lanaz, hotzaz eta miseriaz gain, interesa erakusten du familiarekiko, herriarekiko, baserriarekiko; oso-oso hunkigarriak dira”. Gabika-Aldekoa, beste preso bigaz batera, sorterrian lurperatu ahal izan zuten hiru preso errepublikarretako bat da.
Begoña Fernandez Ikaza: “Aitari, behintzat, azken muxu bat eman ahal izan nion”
Hirugarren esku hartzeak ere asko eduki du sentikorretik. Constantino Fernandez Ikazaren alabak, Begoña Fernandez Madrazok, presoak omentzeko biltzeak duen garrantzia azpimarratu du. “Bilatzen jarraitzeko indarra ematen dute Pipergorri moduko elkarteen lana”, adierazi du. Fernandezen familiak, beste gehientsuenek ez bezala, eduki zuten beren senidearen berri: “Jakin ahal izan genuen gaixorik zegoela, eta Gernikako ospitalean. Gainera, amak eta biok hura ospitalean bisitatzeko eta agurtzeko aukera eduki genuen. Aitari, behintzat, azken muxu bat eman ahal izan nion”. Ikerketaren eta memoria historikoaren lanketa azpimarratu du, halaber: “Nekez imajinatuko nukeen aitak eta gainontzeko hildakoek oroimenerako toki bat eduki zutenik, eta beraien istorioa herri honen historiaren parte izango zenik”.
Fernando Iturribarria Miguel: “Askatasun zibilak oso gaitzak dira lortzen, baina bat-batean gal daitezke”
Fernando Iturribarria Miguelen senideek ere ez dute galdu omenaldiari beren aletxoa emateko aukera. Bere lobak azaldutakoaren arabera, “ustekabea” izan zen osabaren berri izatea: “Familiak Deustuko lan eremuan hil zela uste zuen, Gernikan tuberkulosiz zendu zela jakin genuen arte. Modu hartan zarratu ahal izan zuen familiak memoriaren zirkulua”. Iturribarriaren senideek hain zuzen, memoria historikoaren inguruan lan egiten jarraitzeak duen garrantzia azpimarratu du, bereziki, egungo egoeretara ekarrita: “Belaunaldi berriak lanketara inplikatu beharra dago, gauzak berez lortu ez direla uler dezaten. Askatasun zibilak, izan ere, oso gaitzak dira lortzen, baina bat-batean gal daitezke. Hortaz, horiek ahal bezainbesteko babesteko eta sendotzeko lanean jarraitu behar dugu”.
Hasi modura, SOMEko kideen musikaz amaitu dute gaurko ekitaldia: minutu bateko isilunearen ostean, Gernikako Arbola-ren doinuak jo dituzte. Bukatzeko, urteroko lore eskaintza egin dute. Ez bakarrik senide edo antolatzaileek, baita ikusle, ordezkari publiko, musikari eta bertaratutako gainontzekoek ere. Oroimenak, norbanakotik abiatuta, kolektiboa behar duelako izan. Bakarrik ezin delako, eta memoria historikoaren jorratzeak herritar ororen ekarpena behar duelako.






























































































