Pasealekuko Torneoan parte hartzeko izen ematea zabaldu dute
38. aldiz izango da Pasealekua areto futbolaren, saskibaloiaren eta esku pilotaren eszenatoki. Izan ere, Pasealekuko Udal Kirol torneoa ekainaren 18tik abuztuaren 1era izango da, eta horretan izen emateko epea zabalik dago.

Beste urte batez, Gernika-Lumoko Pasealekua herri kirolaren epizentro bihurtzeko prestatzen ari da. Udalak, Gernika Erabil Futbol Salaren, Gernika KESBren eta Arkupe Klubarekin elkarlanean, adin guztietako bizilagunei dei egiten die 38. Udal Kirol Torneoan parte har dezaten. Udaro Pasealekua kirolez eta kirolariz janzten duen txapelketa, aurten, ekainaren 18an hasiko da, eta bere horretan jardungo du abuztuaren 1era arte. Dagoeneko herrian –eta eskualdean– hain errotuta dagoen ekimenak areto futbola, saskibaloia eta esku pilota izango ditu ardatz. Sari banaketak itxiko du zikloa, ia lau hamarkadatan txapelketari eutsi dion ilusio berarekin.
Gaur (maiatzak 30) zabaldu dutela izena emateko epea, eta era berean, ekainaren 8ra arte mantenduko da zabalik. QR kode bidez eskura daitekeen online formulario bidez apuntatu ahal izango da horretan, baina aurrez aurre egiteko modua ere ahalbidetu dute; ekainaren 5ean Rural Kutxaren bulegoan eman ahal izango da izena, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Tasak ere gogoratu dituzte “70 euro talde bakoitzeko, futbolean eta saskibaloian. 15 euro bikote bakoitzeko, berriz, esku-pilotan”.
Betiko torneoa den arren, berritasunik ere izango du aurten. Hain zuzen ere, antolatzaileek topaketa batzuk grabatuko dituzte lehenengoz, “taldeek gorde ahal izango duten artxibo emozional bat sortuz”. Txapelketari “balio sentimentala eta digitala” gehitzen dion detaile gisa dute hori. Nabarmendu dute aukera horrekin bat egin nahi izatekotan, izena ematerakoan baimendu beharko dela aukera hori. “Ildo beretik, adingabeek 5 euroren truke borondatezko aseguru bat kontratatu ahal izango dute, banakakoa edo kolektiboa, praktika segurua eta arduratsua bermatzeko helburuarekin”, gaineratu dute.
Gernika-Lumoko Udaletik aurreratu dute, ekimenak kirola egitearen alde egiteaz gain, “espazio publikoa belaunaldien arteko topaleku gisa biziberritzearen alde” egiten duela.
Gauzak horrela, Gorka Otaolea Gernika-Lumoko Udaleko Kirol zinegotziak lehiaketaren funtsa azpimarratu du: “Pasealekuak kirolaren bidez elkarbizitzarako gune izaten jarraitzea nahi dugu. Txapelketa hau ez da lehiaketa hutsa: komunitatea, identitatea eta uda partekatua da”. Antolatzaileek, beraz, herritar guztiak gonbidatu dituzte “izena ematera, parte hartzera edo, besterik gabe, giro onari men egitera”.