Muxikako Udalak eta BaSOSek hitzarmena sinatu dute, baso transformaziorako
15,76 hektarea dauzkan lursailari buruzko hitzarmena da sinatu dutena. Izan ere, eremu hori bertako baso misto bihurtu gura dute, biodibertsitate eta iraunkortasun ekologiko handiagoa lortzeko helburuz.

Muxikako Udalak eta BaSOS elkarteak baso transformaziorako eta kudeaketarako hitzarmena sinatu berri dute. Akordioaren helburua da Muxikako udal jabetzako lursail batean egingo den baso transformazio prozesua arautzea, eta hori egin ondoren lursailaren kudeaketa eta zaintza BaSOS elkartearen esku uztea, 30 urtez.
15,76 hektarea dauzkan lursailari buruzko hitzarmena da sinatu dutena, 2.000 urtean landatutako Pinus radiata pinudi monoespezifikoz betetakoari buruzkoa. Izan ere, partzela hori bertako baso misto batean bihurtu gura dute, biodibertsitate eta iraunkortasun ekologiko handiagoa lortzeko helburuz.
Ondorioz, bai udalak bai elkarteak zenbait konpromiso hartu dituzte. Hala, udalak lurzoruaren titulartasuna bere esku mantentzeko konpromisoa hartu du, baita eremu horren lagapena elkarteari 30 urtez egitea ere, “ingurumen kudeaketa eta jarraipen ekologikoaren helburuak betetzeko”. Gainera, udala Tantai Baso Jabe Kooperatibako bazkide izango da, eta bere gain hartuko ditu urteko kuota eta hasierako laginketa kostua.
Prozesuan sortzen diren mozketa etekinak proiektuaren kostuak estaltzeko erabiliko direla ere adostu dute, eta herritarrei mezuak helarazteko orduan euren artean komunikatuko direla adostu dute elkarteak eta udalak: “Elkarrekin koordinatuko gara eta proiektua sustatuko dugu”.
Bere aldetik, BaSOS elkarteak, Tantai Kooperatibarekin lankidetzan, basoaren eraldaketa teknikoa eta ekologikoa koordinatuko du. Hori horrela, pinu bakanketa, bertako espezieen landaketa, sasi garbitzeak zein mantentze lanak, eta inausketa zein basoaren egitura hobetzeko lanak koordinatuko ditu. Gainera, transformazioaren ostean, partzelaren ingurumen kudeaketa bere gain hartuko du: biodibertistatearen jarraipena, inpaktu ebaluazioa eta ProSilva eredura egokitutako ekoizpen jasangarriaz arduratuko da. Eta, lanotarako herritarren partaidetza bultzatzea ere jaso dute hitzarmenean. Ondorioz, komunikaziorako materiala prestatuko dute eta hitzaldiak, lursailerako bisitak eta auzolanak antolatuko dituzte.
Hitzartutako eremu horretan, gainera, elkarteak ez du inolako xedapen ekonomiko edo higiezinen eskubiderik izango: ez alokairu, ez salerosketa, ez hipoteka eskubiderik.
Baldintzak.
Hitzarmenean 30 urterako lagapena sinatu dute, eta, epe horretan, udalak jabetza mantenduko du eta elkarteak erabilera eta kudeaketa ekologikoaren ardura izango du. Gainera, ezingo dute eremu horren erabilera aldatu, ez hirigintza helburuetarako, ez eta ustiaketa intentsiborako edo hirugarrenei uzteko ere.
Baldintza horiek betetzen ez badira, udalak lagapena bertan behera uzteko eskubidea izango du, aldez aurretiko ohartarazpen eta zuzentze epe baten ondoren.
Kudeaketaren jarraipena egiteko urtero gutxienez bilera bat egingo dute bi aldeek, proiektuaren egoera eta aurrekontua aztertzeko. Gainera, lanen egutegia eta aurrekontuak elkarren artean adostuko dituzte, lehentasunezko ekintzak lehenetsiz. Eta, horrez gain, elkarteak urteko txosten tekniko zein ekonomikoa aurkeztuko dizkio udalari.