Katxi Jatetxea
Sasoiko produktuak eta hurbileko tratua bermatzen dituen Katxin Jatetxeak belaunaldiz belaunaldi familia ondarea mantentzen dirau.

Familiarteko negozioaren adibide garbia da Morgaren bihotzean kokatzen den Katxi Jatetxea. Belaunaldiz belaunaldi, ondarea mantenduz, eta garai bakoitzean beharrezko aldaketak eginez, aurrera egiten jarraitzen du Katxik, bere presentzia herrikoia argi erakutsiz. «Gutxi gorabehera 1830 urteaz geroztik dago martxan etxe hau, hainbat funtzio desberdin izanik. Hasieran, jendeak lo egiteko etxe gisa hasi zen, ondoren, supermerkatua ere izan zen, eta abar luze bat dira horren erakusle», gaineratu du negozioaren bazkide den Jose Ramon Ormaetxeak. Bere aitaren izena Graciano izanik, Katxi ezizenez ezagutzen zuten herrian, eta negozioa bera ere izen horrekin mantendu dute.
Aldaketa ugari eta beste horrenbeste lan jasan dituen eraikina, gaur egun jatetxea, taberna eta hotela ere bada: «Egindako berrikuntzetako azkena, hotel bat sortzea izan zen. 9 gelatako hotel txiki bat dugu». Hainbeste aldaketaren artean, baina, generoak «berdina» izaten jarraitzen du Katxi Jatetxean: denboraldiko produktuak eskaintzen dituzte, eta momentuko adibidetzat aipatu ditu perretxikoak, piperrak, alkatxofak edota tomateak: «Sasoiaren arabera, harekin edo horrekin egiten dugu aurrera».
Denetariko eskaintza dute, halaber, jatetxean: menuak eta karta eskaintzeaz gain, ezkontzak, bataioak, lehen jaunartzeak, eta abar ospatzeko aukera ere badago. Baina, batez ere, kartako eskaintza anitza izan ohi da Katxin gehien saltzen dutena. Produktuaz gain, eskaintzen dutena, mimoz eskaintzen dutela nabarmendu du Ormaetxeak: «Jendea mimoz tratatzen dugu, hurbileko tratua eskainiz. Negozio txikiok hori egin behar dugu. Gainera, jendearen erantzuna beti izaten da positiboa; jendeak berak markatzen digu, askotan, nondik norakoa, eta horrela, errazagoa da». Taberna egunero lehen ordutik aurrera zabalik izaten dutela gogoratu du, eta jatetxea, aldiz, astelehenetan izan ezik, beste egunetan 13:00etatik aurrera. Familiarteko negozioa izanik, belaunaldien arteko aldaketa bermatzea «zaila» dela badakien arren, Katxi Jatetxeak «nola edo hala, eta astiro-astiro» aurrera egingo duela argi dute.

Katxi Jatetxeak sasoiko produktuen erabilera bermatzen duen heinean, hainbat errezeten artean porru-pastela dute; jatetxeak argi adierazi du ez dela zeliakoentzako errezeta egokia. Hori jakinik, bederatzi osagaiz osatutako errezeta da, porrua osagai nagusitzat duena.
Osagaiak:
Porrua
Hostorea
Esnea
Irina
Arrautza
Esnegaina
Gurina
Sesamoa
Gatza
Pausoz pauso
Porruak garbitzea da porru-pastela prestatzerakoan eman beharreko lehenengo pausoa, Katxi Jatetxeak adierazi duenez. Behin porruak garbi izanda, egosi egin behar dira. Egosi, eta bigun daudenean, kontserbatu.
Era berean, besamel bat egin behar da, horretarako irina, gurina eta esnea nahastuz. Besamela eginda izanik, aurretiaz egositako porruekin nahastu behar da, masa bat sortuz. Bestalde, molde bat hartu behar da, eta hartutako molde hori hostorez blai-blai eginez inguratu. Ondoren, nahastutako besamel eta porruen masa horrekin molde hori bete behar da.
Behin horrela, berriz ere hostorea erabiliz, moldea hostore-geruza luze batekin estali, eta arrautzarekin marraztu behar da. Labea 180 gradutan jarri, eta aurretik egindakoa labean sartu behar da, 20 minutuz. Behin aterata, aurkezpenerako esnegain soberakina kendu, eta bi triangelu jartzen dituzte pertsonako.