«Kalitatea bilatzen du jendeak, eta guk hori eskaintzen dugu»
Tokiko eta sasoiko ortuariak eskaintzen ditu Josu Uruburuk, tokian tokiko produktuen kalitatea eta ekoizleen lana balioan jarriz.

Bertoko produktuekin lan egiten du Josu Uruburu nekazari muxikarrak. 2018an ortuariak landatzeko eta saltzeko ekindako bidearekin jarraitzen du, bere produktuak bere kabuz zein Baserritik Gernikararen bidez zabalduz.
Bertoko ortuariak eskaintzen dituzu, sasoikoak, ezta?
Bertokoa eta sasoikoa eskaintzen dugu, ahalik eta kalitate onenean, gainera. Izan ere, bertoko produktuek bestelako ukitu berezia daukate. Gureak ez datoz urrutitik, produktua ez da berde dagoela batu eta ontzi batean hainbat egun igaro ostean saldu. Hemen batu eta bizpahiru egunetan saltzen ditugu.
Eta, nola eskuratu daitezke?
Telefonoz edo whatsappez egiten dute askok, baina plazan ere egoten naiz. Orain produktuen esperoan nago, baina laster hasiko naiz berriro plazara joaten.
Bertoko ekoizleei erosteak lehen sektorekoen lana aitortzen du eta kalitatea bermatzen du, ezta?
Jendearentzat baliteke errazagoa izatea supermerkatu handietara joatea, baina ez dakite produktu horiek nondik datozen, ez eta zelan landu dituzten ere. Guk, behintzat, bermatzen dugu gure produktua bertakoa dela, ahal den heinean, ekologikoa. Gainera, bertoko ekoizleei erostean, bertoko ekonomia sustatzen ari gara. Ze, zenbat eta eskaera gehiago izan, orduan eta aukera gehiago egongo da jendea bertoko produktuak eskaintzera edo lehen sektorera animatzeko. Eta, zenbat eta ekoizle gehiago batu, eskaintza ere zabalagoa izango da.
Ze, zelakoa da lehen sektoreko ekoizleen errealitatea?
Ez da erraza, baina bizimodua ateratzeko modukoa bada. Ez gara asko, baina bagaude honetan ari garenak, eta nahikoa ondo gainera. Esan daiteke gaur egun jendea hasi dela geroz eta gehiago aztertzen zer jaten duen, ze produktu erosten duen… Nabaritzen da kontzientzia aldaketa dagoela. Kalitatezko zerbait bilatzen du jendeak, eta guk hori eskaintzen dugu.
Zerk bultzatuta hasi zinen?
Ni 2018an hasi nintzen ekoizle modura lanean. Baserrian bizi naiz, baserrian jaio naiz eta etxean beti egin izan dugu lan, baina beti etxean kontsumitzeko asmoz. Hala ere, nik baso ingeniaritza ikasi nuen eta horretaz jarduten nuen, baina leku batetik bestera nenbilen, leku zehatzik barik. Nekatu egin nintzen, eta etxean lurrak genituela eta zerbait egin nezakeela ikusita, lanean hasi nintzen.
Eta, bi urte beranduago sortu zen Baserritik Gernikara. Nola baloratzen duzu proiektua?
Guretzat itzela da, zailena jendearengana ailegatzea delako. Etxean lan egin dezakegu, eta hori ingurukoei saldu, baina ez da erraza jendearengana heltzea. Ni plazara ere joaten naiz, baina horrelako plataforma batekin askoz ere jende gehiagorengana ailegatzen gara, eta guk gure produktuak ezagutzera ematen ditugu. Zenbat eta ikusgarritasun gehiago izan, orduan eta errazago ailegatuko gara bezeroengana.
Baserritik Gernikarak nolako garapena izan du?
Astiro-astiro gero eta gehiago garela esan genezake. Ez gaude ekoizle asko, baina duela gutxi ere beste mutil bat sartu da. Gainera, gure arteko hartu-emanak ere areagotu dira, ze hasieran ez ginen denok ezagutzen, eta plataformak ekarri du elkar ezagutze hori, gure arteko saretzea, alegia.
Eta hori garrantzitsua da, ezta?
Beste batzuk ere nola dabiltzan jakitea ahalbidetzen du, eta elkar laguntzeko tresna ere bada. Baserritik Gernikaran, gainera, nik ez daukadana beste ekoizle batzuek dute, eta eskaintzen diren produktuak osagarriak dira. Bertan gaudenak gara Allende Salazarreko jantokira produktuak eroaten ditugunak, batak bestearen eskaintza osatuz. Hala, besteren bat gehituz gero, hobeto.
BARAZKIAK
– Tomatea
– Piperra
– Uraza
– Aza
– Azalorea
– Brokolia
– Leka
– Indaba
– Kalabaza
FRUITU LANDARAK
– Kiwia
– Ahuakatea
– Sagarra
Datuak:
Ugarte goikoa auzoa, 11.
Muxika
48392
652 71 28 41
ametsebarri@gmail.com