Etxebizitza turistikoen kontrol plana, azaleratuta
Mundakako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak herriko etxebizitza turistikoen erregularizaziorako egindako planaren bilakaera, egungo egoera eta hurrengo erronkak argitara eman ditu.

Mundakako alkate Sorne Rubio Aranok eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Jakes Agirrezabal Iribarrek agerraldia egin dute gaur [maiatzak 30], Mundakako udaletxean, herriko etxebizitza turistikoen inguruko planaren nondik norakoak azaltzeko, erakundeen arteko lankidetzaren berri emateko eta aurrerantzean egingo dituzten urratsak iragartzeko. Eusko Jaurlaritzaren eta Mundakako Udalaren arteko elkarlana, Agirrezabalen hitzetan, etxebizitza turistikoek azen urteotan udalerrian “eduki duten ugaritze handiaren” ondorio da. Hazkunde hori “hobe zitekeen erregulazio marko” baten inguruan gertatu da. Hala, batetik, marko hori hobetzeko eginiko urratsak argitu ditu sailburuordeak, eta, bestetik, herrian abian jarritako ekintzak azaldu ditu, orain arteko ekimenen kronologia plazaratzeaz gain.
Hain zuzen, Mundakako Udalak 2024ko uztailean Herri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPOn) aldaketa bat onartu zuen, eta aldaketa harekin batera luzamendu bat ere bai; haren ondorioz, etxebizitza turistiko berrien ezarpena geldiaraztea lortu zuten. Handik aurrera, herriko egoera aztertzeari ekin zioten instituzio biek. 2016an, zazpi baino ez ziren Mundakan zeuden etxebizitza turistikoak; egun, ostera, 89 daude. Hazkunde “azeleratu” hori 2023an izan zen begibistakoena: urtebeteko epean, 23 etxebizitza berri eman zituzten altan. Bilakabide horren aurrean hasi zen aipatutako elkarlan prozedura.
Eusko Jaurlaritzak eta udalak adostutako etxebizitza turistikoen kontrolerako planaren barruan, lehenik eta behin, araudia betetzen ez zuten “edo bete ez zezaketen” herriko etxebizitzak detektatu zituzten. Horren arabera, plana “alde bikoa” izatea bilatu zuten: “Alde batetik, inspekzio plana prestatu genuen, etxebizitza turistikoek derrigorrezko identifikazio plaka izan zezaten”. Plakarik gabeko hogei etxebitzitza topatu zituzten, eta, horrenbestez, hogei isun prozedura martxan daude”.
Beste alde batetik, “baieztapen prozesuari” ere ekin zioten, Agirrezabalen arabera: “Jaurlaritzak udalari etxebizitza horiek araudi urbanistikoa betetzen dutela egikaritzen duen txostena eskatzen dio; halaber, Jaurlaritzak aztertzen du ea etxebizitzak turismo legearekin bat datozen ala ez”. Baieztapen prozesu horregaz erlazionatutako 11 etxebizitza dauden, egun, prozedura bete-betean. Ikertzen ari diren etxebizitza horiez gain, hala Jaurlaritzak, nola udalak herriko etxebizitzen azterketa egiten “jarraitzeko asmoa” dutela aurreratu dute.
Araudian eraldaketak.
Bai Espainia, bai Europa mailan, etxebizitza turistikoen erregularizaziorako legedia “aldatzen” ari dela azaldu du sailburuordeak. Egungo mintzagai nagusia plataforma digitalei dagokiena da: “Plataforma digitaletan ematen den eskaintzaren %40 inguru legez kanpokoa da; orain arteko araudiagaz, oso gaitza zen plataforma digitalen eskaintzari aurre egitea”. Hori ere aldatzen doa. Izan ere, Ventanilla Unica izeneko araudia aplikatzeko bidean daude. Horren bidez, etxebizitza bakoitza bere erregistro zenbakia erakutsi beharko du; “legez kanpoko eskaintza egiten dutenen eta plataformen euren aurkako neurri egokia izango da”.
Egun, Mundakak ez dago tentsio osoko eremu izateko baldintzak betetzen. Edozelan ere etxebizitza turistikoen auzia “kezkagarria” dela nabarmendu dute udaletik, eta hori konpontzera emanak daude aipatutako neurri guztiak.
Ez da arazo horri aurre egin behar dion Busturialdeko gune bakarra. Izan ere, Agirrezabalek adierazi du Jaurlaritza Bermeoko Udalagaz ere lanean ari dela. Ondorioz, gaur kostako udalerri hori ere bisitatu du, eta udalean bildu dira, “udalerrian etxebizitza turistikoek sortzen duten egoerari buruz berba egiteko”. Izan ere, Bermeok, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako txostenaren arabera, tentsio handiko eremu izateko irizpideak betetzen ditu.
Hori dela eta, bi erakundeek elkarregaz lan egiteko konpromisoa hartu dute, etxebizitza turistikoak ikuskatzeko plana martxan hartzen hasteko urratsak emanez, bai legez kanpokoei, bai turismo araudia eta turismo legea betetzen dituztenei neurriak ezartzeko. Gainera, Bermeoko Udalak jakinarazi du etorkizunean eman beharreko urratsak zehazten ari dela, “pausoz pauso”.
