Artea, palestinar herriaren ahotsa altzatzeko bozgorailu
Rouhaifa Kassem artista palestinarraren artelanez jantzi du Astra, eguenera (ekainak 5) arte, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak. Palestinar herria pairatzen ari den egoera oro koadrotan islatuz, bi herrien arteko elkartasuna lau haizetara zabaldu nahi dute.

Artea bozgorailu izan daiteke bakearen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko, eta horren erakusle argia da, atzo (maiatzak 29) hasi eta datorren eguenara (ekainak 5) bitartean Astrak hartu duen erakusketa. Rouhaifa Kassem artista palestinarrak herria etengabe pairatzen ari den egoera desberdinak islatu ditu hainbat koadrotan, eta koadro horiei eszenatokia ematen lagundu dio Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak. Horregatik, aste betez, 16:30etatik 20:30etara bitartean bisitatu ahal izango da hainbeste gauza aldarrikatzen dituzten artelanez jantzitako erakusketa, Astran.
“Badakigu hilabete hau ez dela aproposena izaten ekimenak antolatzeko, baina baita ere, badakigu nolako egoera latzak pairatzen ari diren Palestinan. Uste dugu, Gernika-Lumotik ardura bat izan dugula beti, eta izaten jarraituko dugula, palestinar herriari elkartasuna adierazteko bide bat izateko”, gaineratu zuen atzo Gernika-Palestinak, erakusketaren irekiera ekitaldian. Hala, Kassemen erakusketa Astran izatea “ohore bat” dela nabarmendu zuen, herria jasaten ari den egoeraren testigu izanik, arteak duen indarra erakusteko modua ere badelako: “Artea arma bat bihurtzen da, bere baitan. Gauza asko adierazteko indarra du, eta eragin handia izan ohi du leku guztietara mezuak helarazteko orduan. Badakigu, palestinar herriaren ahotsa altxatzeko erakusleiho bihurtu daitekeela”.
Etengabe jarduten du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak bi herrien arteko lotura adierazten, hamaikatxo ekimen eta ekintza antolatuz. Hau ere, esan dutenez, horren parte da: “Artearen bitartez bi herrien arteko elkartasuna sustatu nahi dugu. Gernikako herria gara, eta oso argi dugu bonbardaketa bat bizitzea zer den. Oso argi dugu errealitate suntsitu bat izatea zer den. Eta oso argi dugu, baita ere, errealitate horren ildotik, Gernikatik ahotsa altxatzeak indar gehigarria duela. Genozidioa bukatu egin behar da, eta palestinar herria aske izan behar da, eskubide guztiekin”.
Kassemek, bere aldetik, esker oneko hitzak izan ditu Gernika-Lumorentzat, eta baita ere, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrarentzat, erakusketa, eta bide batez, Palestinaren egoera erakusteko plaza eman diolako. “Eskerrik asko injustizien aurka borrokatzen eta ahotsa altzatzen duzuenoi”, esan zuen artistak. Bide batez, galdera pare bat bota zituen: “Ez al duzue uste ‘aski da’ esateko ordua heldu dela? Ez al duzue uste haur eta emakume errugabeak zapaltzen dituen tiranoaren sustraiak errotik erauzteko ordua dela?“. Palestinarren mina erakutsi zuen, gainera, hitzez zein artelanez. Esan zuen, gainera, palestinar emakumea delarik, bertako egoera “jasangaitza” herriz herri eroan nahi duela, artearen bozgorailua bitartekari izanez.
Hizkuntza guztietan, oihu
Aldarrikapenez josi zen, beraz, Astra, atzo. Aldarrikapenez, zein eskariz. Artistak hurrengoa azpimarratu zuen, hain zuzen ere: “Amaitu daitezela kontakizun faltsuak eta erori daitezela maskara guztiak. Batu gaitezen eta hizkuntza guztietan oihu egin dezagun Gazako haur eta emakumeen alde”. Txalo artean hartu zituzten gerturatutakoek Kassemen hitzak. “Borrokarako bidea izateko” helburua duen erakusketan, baina, Gernika-Lumo ez da lehen geltokia. Izan ere, Durangon, Eibarren, Zaldibarren, Elorrion, Bilbon eta Elgoibarren egonda dago artista, eta honen ondoren beste hainbat aretotan izatea espero du, “munduak Palestinaren egoeraren berri izateko”. Orain arte, gainera, jendearen erantzuna “oso ona” izan dela aitortu du: “Jendeak asko eskertu digu erakusketa oro. Oso solidarioak izan dira, orokorrean, denak”.
Bermeo aipatu du, adibidez, hurrengo geltoki gisa, baina argi esan du, ahalik eta geltoki gehien izatea bilatzen duela, bakearen helmuga horretara heltzeko bidean: “Nafarroara ere heldu nahi dut. Edozein lekutara, egia esan. Munduari aldarrikatzea da helburua, eta beraz, edozein geltoki izango da ongi etorria”.