Barrutialdek hiru domina, Euskoskills Txapelketan
EuskoSkills Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako Lanbide Heziketako lehiaketa da, eta aurten ere, Ficobako erakustazokan lehiatu dute. Altzarigintzan, Martin Aldayk urrezko domina lortu du eta Kemen Indiak zilarrezkoa, eta Aimar Barrientosek, berriz, brontzezkoa, zurgintza alorrean.

EuskoSkills euskal talentu gaztearen erakusleiho da, eta “Euskadiko Lanbide Heziketako topaketarik handiena, inspiratzaileena eta lehiakorrena”. Maiatzaren 13tik 15era bitartean lehiatu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako Lanbide Heziketako lehiaketa; aurten ere, Ficobako erakustazokan.
Lehiaketaren helburua da partaideek “benetako lan baldintzak erreproduzitzen dituzten inguruneetan trebetasuna” dutela erakustea: “Lehiaketa prestakuntza eta motibazio esperientzia bat da, eta ezagutza teknikoak, trebetasun praktikoak eta funtsezko konpetentziak jartzen ditu proban, hala nola, arazoak konpontzea, talde lana edota egokitzeko gaitasuna; hau da, lan munduak eskatzen dituenak”. Hala, Lanbide Heziketako ikastetxeetako 280 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute aurtengoan.
Hezkuntzako sailburuak lehiaketa “Lanbide Heziketaren etorkizuna ezagutzeko topagune” gisa baloratu du. EuskoSkills 2025, lehiaketa bat izateaz gain, bokazioak aktibatzeko eta belaunaldi berriak inspiratzeko leiho handi bat da. “DBHko eta Batxilergoko ehunka ikaslek bisitatzen dituzte instalazioak, probak zuzenean ikusi eta Lanbide Heziketak etorkizun akademiko eta laboralerako bide gisa eskaintzen dituen aukera amaigabeak deskubrituz”, azaldu dute.
Emaitza “ezin hobeak”
Bertan izan ziren Barrutialde Lanbide Heziketakoak, eta emaitza “ezin hobeak” lortu dituzte. Hain zuzen ere, hiru domina eskuratu dituzte ikastetxeko ikasleek: altzarigintzan, Martin Aldayk urrezko domina lortu du eta Kemen Indiak zilarrezkoa; eta, bestetik, Aimar Barrientosek brontzea eskuratu du zurgintzan.
Bi urterik behin egiten den txapelketa da, eta duela bi urte bezala, aurkeztu egin ziren. Gainera, aurrekoan ere emaitza bikainak izan zituzten. Horrenbestez, “zalantza barik” izena eman zuten. Hala, ikasle bakoitzak lan bat egin behar izan zuen. Ebanisteriaren kasuan, lotura eta akabera sistema desberdinekin altzari bat egin behar izan zuten, eta horretarako, 12 orduko epea eduki zuten. Zurgintza kategorian, dagokion konplexutasuneko muntaketa multzo bat egin behar izan zuten.
“Planteatutako erronkei aurre egiteko, lan bikaina egin dute gure ikasleek, erabat txalogarria, lehiaketa hauetan normalean dagoen presioa kontuan hartuta. Ikasleak ez zeuden Barrutialdeko beraien ohiko tailerrean, jendez inguratuta zeuden”, azaldu dute. Probak oposaketa bezalakoak direla azaldu dute, presioa nabaritzen dela. Gainera, irakasleek bakarrik bazkalorduan lagundu dezakete, aholkuak emanez, baina batez ere animoak eman dituztela azaldu dute.
Harrotasuna
“Merezitako saria” izan dela nabarmendu dute, eta lanaz gain, ikasleek “gogoa eta ilusioa” erakutsi dituztela. “Harro” hitza errepikatzen dute, eta sariak suposatzen duen “gorakada” azpimarratu dute. Ez bakarrik ikasleentzat, baita irakasleentzat eta ikastetxearentzat ere. Haien lanaren ordainsaria izan dela diote: “Praktiketan dauden ikasleak dira, eta haien zortzi orduak osatu eta gero aritu dira proiektu honetan lanean”.
Horrelako sariek matrikulazioan laguntzeko esperantza dute. EuskoSkills Txapelketako irabazleei gainera, Espainiako Txapelketan lehiatzeko aukera ematen diete. 2026ko apirilean lehiatuko dute hori, Madrilgo IFEMAn. “4-5 eguneko lehiaketa izango da eta bertara autonomia erkidego bakoitzeko irabazleak joango dira. Hau da, beste maila bateko txapelketa da, exijentziak bizpahiru koska egingo ditu gora. Iaz asko ikasi genuen bertan, eta aurten ere ikasleei transmititzeko helburuagaz joango gara”.