Gautegiz Arteagako II. Pala Txapelketa, finalen zain
Iragan asteburuan maila handiko finalaurrekoak lehiatu ostean, zapatu honetan [maiatzak 31] Gautegiz Arteagako II. Pala Txapelketaren finalak lehiatuko dituzte, 09:30ean hasita.

Goi mailako lehiari amaiera biribila emango diote datorren zapatuan [maiatzak 31]: Gautegiz Arteagako II. Pala Txapelketa finalen esperoan dago. 09:30ean, hasita, gomazko palaren lehen eta bigarren mailetako partiduak lehiatuko dituzte, baita pala motzeko lehen eta bigarren mailetakoak nahiz beteranoena ere. Lehiaketaren bigarren ekitaldiak gorakada eduki du: estreinaldiko 32 bikoteetatik aurtengo 38 bikoteetara igaro dira. Gautegiz Arteagako Pala Klubeko antolatzaileek txapelketaren maila “hazi” egin dela nabarmendu dute, “herriko eta inguruko pilotarien” parte hartzeagaz batera.
Finalek maila handikoak izateko osagai guztiak dituzte, txapelketaren orain arteko bilakaera ere halakoa, maila adierazgarrikoa, izan baita. Beteranoen pala motzean, Muniategi eta Arraibi arteagarrek Club Deportivo Bilbaoko Melero eta Salazar izan zituzten aurrez aurre, eta bilbotarrek 20 eta 40 irabazi zuten. Melero Bizkaiko txapeldunak badaki Gautegiz Arteagan finala jokatzea zer den eta, bere bikotekide Salazarren “sake boteretsuen laguntzaz”, txapelketa poltsikoratzea “begiz jota duela” azpimarratu du. Finalean arerio nor izango duten, baina, oraindik ez dakite: eguenean [maiatzak 29] jokatuko dute beste finalerdia; Ruiz arteagarrak eta Ormaetxea bermeotarrak Riosen eta Sirgadoren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Argazkia: Gautegiz Arteagako Pala Kluba.
Pala motzari dagokionez, bigarren mailan, Molina sopeloztarra eta De La Torre gallartarra finalaurrekoan Kaltzakorta eta Agirregoitia getxoztarren aurka 40 eta 34 nagusitu ostean iritsiko dira finalera. Ligaxkan lehen postuan geratu ziren Kaltzakorta eta Agirregoitia, baina aurkariak gehiago izan ziren finalerdian: “De La Torrek defentsa sendoa egin zuen, eta Molinak erasorako abiadura itzela kantxaratu zuen, bereziki, partiduaren azken txanpan”. Garcia-Garcia bikotearen kontra jokatu beharko dute finala. Berez, Martinez izan behar zen finaleko atzelaria, baina, kirol arrazoiak tarteko, ez da azken hitzorduan egongo. Hori bai, finalaurreko itzela egin zuen Ibañez-Urturi etxeko bikotearen aurka; arteagarrak 40 eta 33 garaitu zituzten.
Pala motzeko lehen mailan, Solaguren eta Ceni Sarriaren eta Ibarluzearen aurka ariko dira. Solaguren gernika-lumotarra eta Ceni muruetarra “ilusio handiz” ariko dira finalean, finalerdian iazko txapeldun Zabala eta Arroita sestaotarrak 23 eta 40 menpean hartu ondoren. Ceniren ezkerkadak giltzarri izan daitezke finalean. Hori bai, Sarria eta Ibarluzea ere merezimendu osoz sailkatu dira finalera; finalerdian beren hautagaitza konfirmatu zuten, Arrieta eta Egia 40 eta 24 menperatuta. Final “oso gogorra eta lehiatua” aurreikusten dute antolatzaileek, finalistetako zenbait Espainia mailan lehen kategorian lehiatzen ari baitira, baita GRABNIn eta Bizkaiko Txapelketan ere.

Argazkia: Gautegiz Arteagako Pala Kluba.
Gomazko pala.
Gomazko palazko bigarren mailan, Bermeosolok eta Martinek osatutako bikote bermeotarrak Garcia eta Ormaetxe izango ditu aurkari finalean. Bermeosolok eta Martinek Coca eta Arumeren kontra jokatu zuten finalaurrekoa. Partidu estu-estua izan zen, bermeotarrek 25 eta 23 irabazi zutena. Cocaren maila tarteko, Bermeosolo eta Martin atzean utzi zituzten, baina lortu zuten behetik gorako bidea egitea, eta azkenean garaipen baliotsua lortu zuten, 23 eta 23 berdintzera iritsi ostean. Garcia-Ormaetxe getxoztarrek Arrizabalaga-Gonzalez arteagarren aurka gailendu ziren beste finalerdian; Garciaren ekinak eta Ormaetxeren segurtasuna Arrizabalagaren arriskatzea eta Gonzalezen eraginkortasuna baino gehiago izan zen: 25 eta 17. Bigarren mailan ere, final berdindua eta hautagai argirik gabekoa dago iragarrita.
Lehen mailan, Zugadi-Arrizabalaga eta iazko garaile Garcia-Artaraz izango dira finalistak. Zugadi munitibartarra eta Arrizabalaga amorotarra Loizaga eta Meaurio arteagarren aurka 25 eta 17 nagusitu eta gero ailegatuko dira finalera, “segurtasun handiz”. Beste finalerdian, Garciak eta Artarazek Eskibel eta azken unean Sierraren tokia bete zuen Solaguren garaitu zituzten, 25 eta 20. Garcia-Artaraz Larrabetzuko bikotea birritan izan da Bizkaiko txapeldun lehen mailan. Lea-Artibai eta Larrabetzu arteko finala “parekatua” izango da: atzelari seguru eta jotzaileak dituzte biek ala biek, baita kolpe handiko aurrelariak ere. Garciak, gainera, final bi jokatuko ditu: gomazko palako lehen mailakoa eta pala motzeko bigarren mailakoa.