Badator bertsolari gazteei plazetan kantatzeko aukera eskaintzen dien Argi Baltza sariketa
Mendatan abiatuko da domekan (ekainak 1) ekaineko lehen hiru domekak bertsolari gazteen bertsoz beteko dituen sariketan: Argi Baltza. Finala zapatuz izango da, ekainaren 21ean, Muxikan.

Badira bost urte Lilibertsok Argi Baltza sariketa antolatzea erabaki zuenetik. Ordutik asko dira sariketak eskainitako plazatik igaro diren bertsolari gazteak, eta, aurten ere, beste hainbati lekua egiteko helburuz ailegatuko da gazteei plaza eskaintzea helburu duen hitzordua. Hala, ekaineko lehen hiru domeketan kanporaketetan egindakoak biribiltzeko aukera egongo da ekainaren 21eko finalean (zapatua), Muxikan.
Badira bost urte Lilibertsokoek ibilbide hau helburu argi batekin hasi zutenetik: Busturialdean argi baltzaren arrastoa margotzea. “Argi baltzarena Jon Lopategiren eskuetatik argitzen hasi zen esteña bat da. Ezer egin barik zegoenean egin zuenak daukan ahalmenetik. Inguruotako eskoletan hasi zen bertsolaritza eskaintzen eta kantatzeko gogoz zeuden ehunka gazteren bultzada izan zen”. Ondorioz, Argi Baltza, bertsoa izatez aparte, kalea ere bada, eta ahotsa entzun gura duten horiengana eroango du bertsoa, “eskualdea kantatzeko aitzakiagaz hartzeko”.
Lilibertsokoek uste dute “inoiz baino beharrezkoagoa” dela, “gazteek gizartearen begietan zilegitasunik ez duten garaiotan”, bertoko plazetan kantatzearen kontzeptua: “Beharrezkoa da mikrofono bat eskaintzea gazteari, eta batzuetan lorrezinak irizten ditugun txapelketa handietatik kanpo, bere neurrira egindako sariketa batean parte hartzeko aukera eskuratzea”. Gehitu dute egungo teknologiaren saretik urrun dagoen erraminta bakarra erabiltzen duela bertsoak: gorputza eta berba. “Arrazoi gehigarri bat ematen dio horrek gazteen esan beharrekoak daukan balioari”.
Ez dira ahaztum, aurten ere ez, “kultura asko dagoen baina, zoritxarrez, batzuetan herri handien gerizpean” gertatzen diren herriekin. Hala, Mendatan, Ajangizen eta Gautegiz Arteagan lehiatuko dituzte, aurten ere, 18.00etan, kanporaketak. Eta, finala, oraingoan ere, Muxikan izango da. Domekaz izango dira hiru kanporaketak, eta zapatuz finala: “Gazteak diren moduan, eskualdeko herriak ere badirelako, euskal kultura eta euskararen bidetik, gure ahozkotasunaren ekosistemaren parte”.
Herri horietara bertsoa eroango dutenak eskualdeko sei bertsolari, Lea-Artibaiko hiru eta Euskal Herri mailako gazte talde oparoa izango da. Hain zuzen ere, hurrengoak dira eskualdeotako ordezkariak: Beñat Bilbao, Janire Arrizabalaga eta Koldo Gezuraga gernika-lumotarrak, Koldo Muñiz ibarrangelutarra, Asier Galarza muxikarra, Iker Bilbao bermeotarra, Lurdes Ondaro munitibartarra eta Alexander Idoeta eta Haizea Telleria ondarrutarrak.
Kanporaketa bakoitzeko lehenengoa automatikoki igaroko da finalera, eta beste parte hartzaileak puntuazioaren araberakoak izango dira. Saioak epaitzen Mirari Azula, Ander Arrien eta Beñat Romero ibiliko dira.
Domeka honetan dute, hain zuzen ere, horietako batzuek hitzordua Mendatan: Ondaro, Bilbao, Muñiz, Araitz Katarain, Jon Gurrutxaga eta Idoia Granizo ariko dira bertsotan Elisozten. Hala, bizilagunei saiora bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek: “Gonbidapena luzatzen dizuegu, ikusle, Argi baltzaren bidea jarraitu eta Busturialdea bertsoz betetzeko”.
SAIOAK.
Ekainak 1, Mendata.
18:00. Elizosten, Lurdes Ondaro, Beñat Bilbao, Koldo Muñiz, Araitz Katarain, Jon Gurrutxaga eta Idoia Granizo.
Ekainak 8, Ajangiz.
18:00. Udal frontoian, Asier Galarza, Janire Arrizabalaga, Alexander Idoeta, Ixone Asategi, Aitor Bizkarra eta Danel Herrarte.
Ekainak 15, Gautegiz Arteaga.
18:00. Aretxederreta kultur etxean, Koldo Gezuraga, Iker Uriarte, Haizea Telleria, Maider Arregi, June Aiestaran eta Ibai Lekuona.