Ajangiztarrak, jaiak agurtzeko prest
Uda heltzear delaren seinale izaten dira, urtez urte, Ajangizko jaiak. Aurten ere horrela izan dira, eta maiatz guztia askotarako ekintzez eta jai giroz jantzi dute. Domekan (ekainak 1) jaiak agurtuko dituzte XVI. Mugari Bira ohikoarekin.

Ajangizko jaiak goi-goitik bizitzen ari dira. Uda berotzeko aukera ederra izan ogi dira, alegia; izan ere, urtero legez, Ajangizko jaiak arduratu dira eskualdera uda usaina ekartzeaz. Hain zuzen ere, hamaika ekintza, ekitaldi eta hitzorduz gozatu dute ajangiztarrek maiatzean zehar. Musika, kirola eta tradizioa izan dira nagusi hilabete honetan, eta horren erakusle izan da zapatuan (maiatzak 24) gozatu zuten sukalkia.
Sukalki herrikoian bildu ziren Mendietan herriko kuadrilletako kideak, giro ezin hobeaz gozatuz. Aurtengoan, txapelketa kutsua izan duen lehia herrikoia egin dute, baina sariak parte hartzaile guztientzat izan dira. Lehia horretako irabazlea Jesus Luis Irazabal izan zen, txanpan botila bi eta umeek egindako opari bat eskuratuz.
Ajangizek jaietan jarraitzen badu ere, guztiak du amaiera bat, eta kasu honetan, ajangiztarrak XVI. Mugari Biran murgilduko dira domekan (ekainak 1), jai herrikoiak agurtzeko asmoz, ohi modura. Ajangizko jai batzordeak antolatutako ekintza honek ibilbide bi izango ditu aukeran: luzea alde batetik, laburra bestetik.
Ibilbide luzearen kasuan, Mendietako plazatik hasi eta Burgoa, Olesko, Argana, Kanpantxuko plaza, Mentzeta, Eperlanda, Arrietagane basorako gurutzea, Solaurren eta Pertxamendi igaroko dituzte, berriz ere plazan bukatuz. Esan dutenez, goizeko 08:30ean jarri dute hitzordua, Udaletxe aurrean. Ibilbide laburraren kasuan, aldiz, Mendietako plazatik Burgoa, Olesko, Argana, Kanpantxuko plaza, Mentzetarako ibilbidea jarraituko dute, ondoren Maier igaro eta berriz plazan amaituz. Kasu honetan, irteera ordu bete beranduago izango da; 09:30ean, Udaletxe aurrean.
Izen ematea egunean bertan egin beharko dela aurreratu dute antolatzaileek, hasiera baino ordu erdi lehenago, hurrengoa zehaztuz: 12 urte edo gehiago dutenek 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta 12 urtez azpikoek, berriz, doan edo 5 euro, oparia nahi izanez gero. Izan ere, martxa bukatzean oparia eta hamaiketakoa emango dutela esan dute.
Egitaraua:
Eguena, maiatzak 29, San Asentzio
20:00. Briska Txapelketa, Pertxamendi Txokoan.
Gero. Txokolate jana eta ogia egongo dira.
Domeka, ekainak 1
08:30. XVI. Mugari Birako martxa luzeko irteera (19 kilometro).
09:30. XVI. Mugari Birako martxa laburreko irteera (11 kilometro).
Oharra: izen ematea egunean bertan egin ahalko da, irteera ordua baino ordu erdi lehenago, Mendietako plazan.
Zapatuko sukalkiko argazkiak:





















































































