Turismo bulegoak bere irudia berritu du
Gernika-Lumoko Udalak instalazioak modernizatu ditu, eraginkortasun energetikoa, akustikoa eta irisgarritasuna hobetuz. Esku hartzeak, gainera, eraikinaren elementu historikoak berreskuratu ditu, bertan zegoen Jesusen Bihotza ikastetxeko kapera zaharraren ur bedeinkatuaren pila, esaterako.

Andra Mari kalean ateak zabaldu eta 36 urtera, Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak irudi berria dauka. Izan ere, “iraunkortasuna, diseinu garaikidea eta ondarea berreskuratzea” uztartzeko espazioaren eraberritze sakona gauzatu du udalak.
Jakinarazi dutenez, bulegoa margotu eta altzari berriekin eguneratu dute. Baina eraberritzea hobekuntza estetikoetatik haratago doala gehitu dute, ze erosotasun akustikoaren, eraginkortasun energetikoaren eta iraganarekiko errespetuaren aldeko apustua egin duen erreforma gauzatu dute. Izan ere, esku hartzearen bidez bulegoaren sistema elektrikoa modernizatu dute, eta luminariak eraginkorragoekin ordezkatu dituzte. Horrez gain, sabai faltsua jarri dute, espazioaren akustika hobetzeko eta giro argiztapen berri bat jartzeko. Akustikaren hobekuntza osatzeko, ehun fonoxurgatzaileak erabili dituzte, bai paneletan, bai altzari berrietan; hala, salmahaiaren eremuak zurezko akaberak eta soinu-ingurunea leuntzeko diseinatutako ehunak ere baditu.
Ondareari keinu eginez, bulegoaren sarreran, Gernikako Arbolaren irudia daukan formatu handiko eta argiztatutako panel handi bat (2,5 metroko altuera eta 1,5 metroko zabalera) jarri dute, “hiribilduaren ikur gisa”. Horren ondoan, gainera, ur bedeinkatuaren pila bat ere jarri dute, 36ko gerraren ondoren eraikin horretan zegoen Jesusen Bihotza ikastetxeko kapera zaharraren aztarna dena.
Antzinako kaperaren jatorrizko ganga ere nabarmendu dute, bere forma nabarmentzeko argiztapen batekin. Halaber, erakusmahaiaren atzeko horman, formatu handiko argiztatutako beste panel batek udalerriko beste gune esanguratsuak erakusten ditu, hala nola Astra, Pasealekua, Guernica hormairudia edota Europako Herrien Parkea.
Eta, kanpoaldean, Artekale eta Andra Mari kaleetako fatxada eta arkupeak hobetu dituzte, hiri-ingurunearen izaera “abegitsu eta ordenatua” indartuz.
Nerea Revuelta Turismo zinegotziak proiektuaren balio sinbolikoa azpimarratu du: “Bulegoak udalerriaren arima islatzea nahi genuen, historia eta berrikuntza elkarrekin bizi diren tokia bihurtuz. Hala, esku-hartzeak bisitatzen gaituztenen erosotasuna hobetzen du, gure energia-kontsumoa murrizten du eta karga sinboliko handia duen eraikinari balioa ematen dio”.
Gernika-Lumoko Turismo Bulega 1989an ireki zutenetik, 1,5 milioi pertsona igaro dira dagoeneko. Eta, erreforma honen bidez, udalak bulegoa sendotu gura du, ez bakarrik informazioa jasotzeko gune gisa, iraunkortasunaren aldeko apustua egiten duen “hiribildua aurkezteko gutun” gisa baizik.