III. Bermeo Bizi Festak solidaritatea eta bizikletaren kultura uztartuko ditu
Domekan [ekainak 1] egingo dute Bermeo Bizi Festaren III. ekitaldia. Elikagai bilketa egingo dute, bizikleta ibilbidea orduko. Ondoren, gaztetxoenentzako aisialdi jarduerak egongo dira.
Domekan [ekainak 1] Bermeko herriguneko kaleak III. Bermeo Bizi Festaren testigu izango dira. Matxitxako T.K.T., Orkatzeta Enduro Team eta Bermeoko Txirrindularitza Elkarteak antolatuta, bizikletaren erabilera jasangarria sustatzea izango du helburu nagusi ekimenak. Gainera, esangura solidarioa ere edukiko du egitasmoak. Izan ere, parte hartzaileei deia egin diete, izena ematerakoan Bizkaiko Elikagai Bankuari elikagai ez galkorren dohaintza egin dezaten. Ez hori bakarrik: Eutsi Gogor Danok Batera elkartea ere materiala saltzen egongo da, betiere helburu solidarioarekin.
10:30ak eta 11:00ak bitartean, izena eman beharko dute txirrindulariek, Lameran, eta orduan egin ahalko dute elikagaien dohaintza. 11:00ak eta 12:00ak artean, bizikleta ibilbide herrikoia egingo dute. Bermeoko herrigunetik igaroko da 9 kilometro inguruko zirkuitua, eta antolatzaileek nabarmendu dute ez dela inondik inora lehiakorra izango: “Hau ez da kirol ekimen bat eta, horrenbestez, parte hartzaileei kontuz ibiltzeko eskatzen diegu, ibilbideak berez zailtasunik ez duen arren”. Helmugaratu ostean, gaztetxoenek edukiko dute zer egin, berriro ere Lameran: “Jolas puzgarrien eremua egongo da, baita umeak dantza betean ipiniko dituen disko festa ere”.