"Hunkigarria" izan da Busturialdeko Kontseilu Sozialistaren ekitaldi politikoa
1975etik gaur egunera 50 urte igaro diren honetan, Busturialdeko Kontseilu Sozialistak frankismoaren azken salbuespen egoeraren baitako gertakariak azpimarratu zituen barikuan (maiatzak 23). Antolatzaileek horrekiko "balorazio positiboa" egin dute.
Busturialdeko Kontseilu Sozialistak funtsezkotzat du duela 50 urte frankismoaren azken salbuespen egoeraren baitan eskualdean jasandako gertakariak gogoratzea. Hala nola, atxiloketak, errepresio egoerak, zentsura etabar luze bat izan ziren Busturialdeko hainbat herrik pairatu zituzten egoerak. “Hori gogoratzeko, eta etorkizuna era egokian eraikitzeko” ekitaldi politikoa antolatu zuen Kontseilu Sozialistak iragan barikuan (maiatzak 23), Elai Alai areto txikian. Horrekiko, alegia, “balorazio positiboa” egin dute. Aretoaren izenak berak dio; Elai Alai areto txikia. Eta, horrela nabarmendu dute antolatzaileek ere: “Hainbat jende bertaratu zen, aretoa txiki geratu zitzaigun. Eserleku gehigarriak atera genituen, eta hala ere jendea zutik gelditu behar izan zen, eta aretotik kanpo ere bai. Zentsu horretan oso pozik gaude”.
Gaur eguneko garai horrekiko ezagutza falta ardatz izanik, “espero baino jende gehiago” bertaratu zela esan dute. Zenbait gazteren presentzia izan zen arren, batez ere, “jende nagusiak bete zuen Elai Alai areto txikia”, antolatzaileen hitzetan. “Garai hartako gertakizunak bizi izan zituzten asko gerturatu ziren”, gaineratu dute.
“Hunkigarritzat” dute, halaber, barikuko ekitaldi politikoa, eta horren arrazoi nagusia argi azpimarratu dute Busturialdeko Kontseilu Sozialistako kideek: “Oso polita eta hunkigarria izan zen garai hartako pertsonen testigantzak bideo formatuan ikustea. Pertsonalki ere, momentu zehatz batzuetan ateratako iruzkin zein gehigarriak oso interesgarriak izan ziren”. Horrez gain, politikoki ere “egoki” egon zela azaldu dute, “garai horretatik jasotzen ditugun irakaspenei balioa emateko”. Iraganari gaurkotasun puntu bat eman nahi izan zioten, oro har, barikuan, eta “iraganaren idealizaziotik at”, iraganeko gertakari orok gaur egunarekin eta etorkizunarekin duen “harreman estua” bultzatzea lortu zutela esan dute.