"Giro onean" batu dira 750 jubilatu Gernika-Lumon

Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiak 750 jubilatu bildu zituen zapatuan (maiatzak 24), urteroko zita den jubilatuen herri bazkariaren 17. aldian. Plater bete, elkarrizketa bizi zein barre algara eta oroitzapenen artean, nagusiek jai egunaz gozatu zuten, kantu inprobisatuak ere abestuz. Bazkalostean, gainera, musikaz, txaloz eta dantza pausoren bat ere egin zuten.
Udal arduradunek diotenez, parte jartze altu horrek “berretsi” egiten du topaketa “esperotako hitzordu” bihurtu dela herriko nagusientzat, elkarregaz egotearen plazera elkarbanatzeko aukera delako eurentzat: “Duela hamazazpi urte adinekoak aintzatesteko keinu gisa hasi zena bizitza partekatuaren ospakizun kolektibo bihurtu da. Zapatuko egunak argi utzi zuen ez dagoela pozerako errezeta hoberik mahai luze bat, apetitua eta elkarrekin egotearen plazerra baino”.